Hondakinen kudeaketarekin dugun gatazka konpontzeko "Hitzartu" prozesua aurkeztu eta eratzera doa GuraSOS larunbatean

Noaua Aldizkaria 2017ko abe. 15a, 04:45

Gipuzkoa mailan aurrekaririk izan ez eta iragarri arren, azkenean Gipuzkoako Foru Aldundiak bideratu ez duen parte hartze prozesua abiatzera doa GuraSOS; "Hitzartu". Gipuzkoako gizarte zibilak sustatuko duen prozesua, larunbat honetan aurkeztuko dute, abenduaren 16an, goizeko 11:00etan Donostiako Eureka Zientzia Museoan. 

"Hitzartu Gipuzkoako jendarte zibilak antolatutako parte hartze prozesua izango da. Gipuzkoarrok aukera berri baten aurrean gaude: behingoz, foro irekia eta anitza bat osatu nahi dugu, hondakinen inguruan ditugun kezken, jakin minen eta iritzi guztien gainean hitz egiteko", hedabideetan zabaldu duten oharrean aditzera eman dutenez. "Aniztasuna, elkarrizketa, informazioa, eztabaida eta parte hartzearen bitartez, Hitzartuk hondakinen arazoari konponbide adostua eta demokratikoa eskeintzea du helburu, beti ere kohesio soziala, ingurugiroa, osasunaren babesa eta Europako araudia oinarri eta ardatz hartuta".

GuraSOSetik aurreratu dutenez, "demokrazia ordezkatzaileak bermatu ahal izan ez duena egitea" izango du xede nagusi Hitzartuk:

- Herritarren parte hartze prozesua burutzea.

- PIGRUG (hondakinak kudeatzeko plan integrala) 2017-2030 osatzea.

- Hiri hondakinen kudeaketaren inguruan hitzarmen bat lortzea.

Larunbat goizeko ekitaldian aipatu moduan, Hitzartu ekimena bera aurkeztuko dute, baita Euskal Herriko Unibertsitateak diseinatu eta abiatzera doazen prozesuaren nondik norakoak, Hitzarturen finantziazio proiektua eta Berme Batzordeko kideak ere. Hitzartu prozesuaren eratze ekitaldia ospatuko dute bihar, aurrerantzean egingo duten lanketaren abiapuntua izango dena. 

GuraSOSetik nabarmendu dutenez, "Berme Batzordea prozesua monitorizatu eta ikuskatuko duen organoa izango da, eta ekimenaren izaera eta seriotasunaren bermea emango duen ordezkaritza anitz eta kualifikatu batez osatua izango da. Ekitaldian parte hartuko dute ekimenera atxikitzen doazen erakundeetako ordezkari batzuk".

Informazio gehiago:

https://blogagurasos.wordpress.com

gurasos.org

https://www.facebook.com/gurasos/?fref=ts

https://www.youtube.com/channel/UCcYilf7PCt8kdk01_NXEHBQ

https://twitter.com/tgurasos

Konponbiderako parte hartze prozesua

"Eztabaida ez izatea nahi baldin badute, eztabaidatuko dugu; parte-hartzea ez badute nahi, parte-hartze prozesu bat martxan jarriko dugu; ez badute Plan bat egin nahi, Plan bat egingo dugu; sumindura eta gatazka nahi baldin badute, adostasuna sortu eta eraikiko dugu. Gai garen jendartea garela agerian utziko dugu".

Hondakinen kudeaketaz eztabaidatu, eztabaida horretatik etorkizunerako plan bat landu eta hainbestetan aldarrikatu izan duten moduan, Gipuzkoako gai honetan dugun arazoari konponbide adostua emateko konpromisoa berretsi du GuraSOSek. Bide horretan ematekoak diren hurrengo urrats garrantzitsua iragarri dute. Joan den maiatzean agerraldi bidez etorkizunera begira jorratzekoak ziren lan-ildoen artean aurreratu zuten parte hartze prozesua.

2016ko ekainean Gipuzkoako Foru Aldundiak egitekoa zela iragarri arren, gerora egin ez duen ekimen honekin gipuzkoarrei hitza hartzeko aukera eskaini nahi diete. Hitza hartzera eta adostasunera heltzeko gonbita luzatzen digute. Izen horixe du gainera gizarte zibiletik jaioko den eta laster abiatzekoak diren parte hartze prozesuak; "Hitzartu". 

Kohesio soziala, osasunaren babesa eta Europako araudia ardatz

Parte hartze zuzena eta adostasuna ukatzen zaion Gipuzkoako gizartearen gehiengoaren bilgunea izan nahi du. Hiru ardatz nagusion bueltan jorratu nahi dute prozesua: "Kohesio sozial handiena lortzea, osasunaren babes handiena lortzea eta gaia Europako araudiari egokitzea". Euskal Herriko Unibertsitatearen "Parte Hartuz" ikerketa taldeak diseinatuko du prozesua. Horren "emaitza izango da 2017-2030 Hondakinen Prebentzio eta Kudeaketa Planaren proposamena". Plan hau landu ostean, "erakundeei helaraziko diegu. Bertan adostasun soziala eta irtenbide teknikoa islatuko dira", adierazi dute GuraSOSetik. Gogoan izan, aurreko Gipuzkoako hiri hondakinen kudeaketa plana, 2002-2016 artekoa, duela urtebete iraungi zela.

"Foru agintariek ez dute 2016ean aurkeztu zuten Plan berri bat tramitatu. Helburua: gizarte eztabaida saihestea kontratua esleitu baino lehen. Are gehiago, Plana ez da berrikusi (azkeneko berrikuspena orain dela 9 urte egin zen, 2007ko datuetan oinarrituta). Inork ez du aztertu nahi izan erraustegia beharrezkoa ote den gaur egun, edota beste aukeraz baliatzea, Zabalgarbiko (Bizkaia) erraustegia erabiltzea, esate baterako”, diote GuraSOSetik.

Gehiengo politikoen alternantziak gai hau konpontzea ez duela bermatzean diote, eta 4 urtetik behin “txeke txuria emateko artegitik ateratzen uzten gaituzten ardi otzanak bezala tratatzen gaituzte. Gainontzeko gauzez  beraiek arduratzen dira. Jendarteari galdera zehatz bat luzatzen diogu: hau onartu behar dugu? Edo jendarteak gai honi eutsi eta izango da erabakiko duena gatazka edo adostasuna, parte-hartzea edo inposizioa?", galdetzen dute GuraSOSetik”.

Hilabete eta asteotan, eremu ezberdinetako gizarte eragileei aurkezten ari zaie Hitzartu ekimena, "aukera bat izango da, foro eta tresna bat, azken batean, herritarrek euren eskubidea praktikara eraman dezaten: beren arazoez informatzeko, eztabaidatzeko, eta  elkarrizketaren bitartez onbideratzeko eskubidea. Gehiengo sozialak, adostasuna gailenduz, gatazka eta gaur egungo zein etorkizuneko segurtasun falta honekin amaitzeko duen gogoari erantzungo dio honek". 

Eratzea, abenduaren 16a

GuraSOSek jada abenduaren 16rako finkatu du, Hitzartu parte hartze prozesuaren eratze publikoa. Argi diote, hondakinen kudeaketarekin dugun arazoaren inguruan, "azken hitza herritarrona izango da". Herritarroi eragiten diguten aferetan, hondakinen kudeaketaren gaian kasu, herritarron parte hartze zuzena eta erakundeen legitimitatea gatazkan jarri nahi dituztela nabarmentzen dute GuraSOSetik. Baina gogorarazten dutenez, "Oker larria da. Parte-hartze zuzenak demokrazia aberasten du, eta legitimitatez janzten du. Hori saihesteak demokrazia bera ahultzen du eta erakundeen legitimitatea".