"Aamen bea, gure sagardotegiya 2" antzezlaneko taldea, larunbateko estreinaldirako prest

Noaua Aldizkaria 2017ko abe. 15a, 11:35

Azken entsegu saioetan aritu dira azken egunotan, gogotsu, lagun arte eta umore giro ederrean. Estreinaldi egun handiaren atarian dira jada. Larunbat honetan bertan (abenduak 16) taularatuko dute 19:00etan Sutegin, azken aldian ontzen aritu diren "Aamen bea, gure sagardotegiya 2" antzezlana.

Garaiz hartu lekua Sutegin, sarrerak agortu baino lehen. 3 eurotan eskuragarri dituzue Txirristra tabernan eta Lizardi liburudendan. “Ordubetez barre egin nahi duenak aukera paregabea du”, antzezlaneko kideek aditzera eman dutenez.

2015ean Usurbilen Udarregi Ikastolaren aldeko KILOMETROAK gauzatu zela eta, herri antzerki bat egin zuten hainbat herritarrek. Bertan duela 60 urteko sagardotegi bateko giroa antzeztu zuten. Orain berriz, bigarren zatia antzeztuko da: Beñardoren sagardotegian hainbat egoera berri gertatuko da 20 urte ondoren: urtebete Ameriketan artzain ibilitako Patxiren ibilerak, Beñardo sagardotegiko nagusiaren etorkizuna eta beste hainbat gertakizun gertatuko dira afera baten inguruan.

Gidoi lanetan Alberto Pikabea eta Pako Agudo aritu dira gogor eta kementsu. Antzezleak berriz honako hauek dira: Paulino Ibargoien, Kerman Errekondo, Iñaki Agirresarobe, Ixabel Agirresarobe, Ainara Ullate, Pako Agudo, Alberto Pikabea, Mikel Elexpe eta Mikel Alkorta.

ESTREINALDIA LARUNBATEAN

Eguna: abenduak 16, larunbata.

Ordua: 19:00.

Tokia: Sutegiko auditorioa.

Sarrerak: 3 eurotan salgai aurrez Txirristra tabernan eta Lizardi liburudendan.