Osagaiez betea datorkigu, igandeko San Tomas Azoka

Noaua Aldizkaria 2017ko abe. 15a, 14:19

NOAUA! Kultur Elkartekoen eguberri aurreko egun handia ate joka dugu. Igande honetan ospatuko dugu San Tomas Azoka. Ez dira faltako gunea goxatzen duten ohiko osagaiak. Zuen zain izango gaituzue abenduaren 17an goizeko 11:30etatik aurrera. Ez ahaztu baserritar jantziak soinean jarrita agertzeaz. Postuak, ipuin kontaketa saioa, jan edana, sari banaketak… 

Datozkigun egunetako giroan murgiltzeko festa polita aurkituko duzue igande eguerdian frontoian. Gerturatu!

Abenduak 17, igandea

11:30 Irekiera. Ixabel Agirresarobe herritarra ariko da jaialdiko aurkezle lanetan.

Goizean zehar, postuetan osteratxoa egiteko aukera.

12:30 Ixabel Agirresaroberen ipuin kontaketa saioa: “Neguko zopa”. “Neguan sartuko gara eta zerbait behar izango dugu berotzeko. Zenbat eskertzen den salda beroa! Baina ba al dakigu zer klasetako zopa hartzen dugun? Hori jakin nahi baduzu zatoz eta kontatuko dizut!”.

13:15ak aldera:

-Nafartarrak taldeak Zuberoako ikastolak laguntzeko antolatu duen elkartasun kanpainaren amaierako ekitaldia.

-Fotokolean parte hartu dutenen arteko otarren zozketa.

-Babarrun eta sagardo txapelketetako sari banaketa:

1.Sarituarentzat: 150 euro+txapela.

2.Sarituarentzat: 90 euro+kopa.

3.Sarituarentzat: 50 euro.

Postuak

-NOAUA! Kultur Elkartea: bazkidetza egiteko aukera, NOAUA!ko produktuak eskuratzeko aukera (tartean kantu-liburuxka berria, 5 euroren truke).

-NOAUA!ren fotokola: atera argazki bat euskararen leihoan. Trukean, Nafartarrak taldekoen Zuberoko produktuen otarra edota Errigoraren otarra irabazteko zozketan parte hartuko duzue.

-Nafartarrak taldea: Zuberoako ikastolak laguntzeko azken asteotan bideratu duten elkartasun kanpainako otarrak eskuratu ahalko dituzte aurrez eskatu dituztenek. Eskaera egin ez dutenentzako ere unean bertan saskiak erosteko aukera izango da.

-Talogileak: presoen aldeko laguntza biltzen duen taldea, talo goxo askoak prestatzen eta saltzen ariko da.

-Gaztaingileak: oraingoan ere ez du hutsik egingo, gaztainak prestatzeaz arduratu ohi den herriko koadrila ezagunak.

-Herriko ekoizleen postua: Aitziber Elortzak eta Jexux Agirresarobek arrautzak eta postreak jarriko dituzte salgai; Txerrizaleok Elkarteak txerrikiak salgai izango ditu eta puzgarria ekarriko du. Urdaiagako Urtinea lorategikoek pinuak, pazko loreak… izango dituzte salgai.

-Udarregi Ikastolako ikasleen postua: ikasturte amaierako bidaiarako laguntza biltzeko, ikasleek prestaturiko postreak salgai izango dituzte.

-Usurbilen Nahi Ditugu bilgunearen postua: egutegi, banderola eta zapien salmenta.

-Azokako lehiaketara aurkezturiko babarruna ikusi eta sagardoa dastatu ahal izango duzue, Sagardo Egunaren Lagunak taldekoen eskutik.

Oharra

-Baserritarrez jantzita etorri!

Antolatzaileak: NOAUA! Kultur Elkartea, herri eragile gehiagorekin elkarlanean.