Zuberoako Eperra ikastola laguntzeko azken asteotan martxan izan duen elkartasun kanpainaren baitan eskatu dituzuen produktuak igandeko (abenduak 17) San Tomas Azokan jarriko duen postuan banatuko ditu Nafartarrak taldeak. Jaso duen laguntzaren berri emango dute bestalde, azokaren azken txanpan.
Nafartarrez ari garela, kontzertu berezia antolatu dute abenduaren 22rako 22:00etan Sutegin. “Manez eta kobreak” taldekoak datoz Usurbilgo kultur etxera. “Kalakan taldean kantatu ondoren, Thierry Biscaryk (Anhauze, Behe Nafarroa) bere talde berria aurkeztuko du. Manez eta kobreak, metalezko musika jotzaile hauek, kobreak jotzeaz gain kantariak ere badira. Euskal Herriko ehunka talde informal bezala, gogotik kantatzen dute”, aditzera eman dute antolatzaileek.
Parte hartzaileak:
Manez: Thierry Biscary: ahotsa, perkusioak, konposizioak eta moldaketak.
Kobreak: Ana Telletxea: ahotsa, eskusoinua, perkusioa. Fermín Garaikoetxea “Mintxo”: ahotsa, tronpeta, bonbardino. Vianney Desplantes: ahotsa, bonbardinoa. Bixente Etchegaray: ahotsa, tronpeta. Laura Etchegoyen: ahotsa, saxofoia
Sarrerak: egunean bertan 5 eurotan.
Antolatzailea: Nafartarrak.