Txartel berdea eskuz altxatuz baietz esan zuten, hitza hartu eta adostasunera heldu nahi dutela. Larunbat eguerdian, GuraSOSek deituta Donostiako Eureka zientzia museora gerturaturiko herritar eta eragileek, hondakinen kudeaketarekin dugun gatazkaren konponbide adosturantz eramango gaituen Hitzartu prozesua eratu eta abiatzea erabaki zuten aho batez.
Gizarte zibilaren ekimenez jaio den egitasmoa, haren finantza proiektua eta prozesuaren jarraipena egingo duen Berme Batzordeari erabateko babesa eman zioten bertaraturikoek.
Herritarrak, eragileak eta erakundeak erdigunean jarri eta guztion elkarlanez garatuko den aurrekaririk gabeko, eta eredu gisa nahiz moduetan berritzailea izango den parte hartze prozesua abiatzera doaz honenbestez, urte berrian sartzearekin batera. "Hitzartu prozesua denon artean martxan jartzen dugu", adierazi zuten GuraSOSeko ordezkariek ekimenaren aurkezpenaren amaieran, bozketa egin ostean. "Denon artean prozesu parte hartzailea garatuko dugu, adostasuna helburu izango duena eta plan adostua erdietsiko duena".
Foro irekia eta anitza izatea nahi dute, demokrazia ordezkatzaileak bermatu ahal izan ez duena egitea helburu izango duena; "hondakinen inguruko kezken, jakin minen eta iritzi guztien gainean hitz egitea". Hiru ardatz nagusietan oinarrituko dute, hondakinen kudeaketarekin dugun gatazkari, "aniztasunetik, elkarrizketa, informazioa, eztabaida eta parte-hartzeaz" irtenbide adostu eta demokratikoa eman asmo dion parte hartze prozesua: gizarte-kohesio handiagoan, ingurumen eta osasun babes handiagoan eta Europako politiken betetzean.
Herritarren akordioa eta irtenbide teknikoa helburu
Parte hartze prozesu honek nolabait esateko, hiru zeregin nagusi izango ditu; batetik, herritarren parte hartze prozesua egitea; 2017-2030 urtera arteko Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plangintza (erdarazko "PIGRUG" siglekin ezagutzen dena) idaztea eta hiri hondakinen kudeaketa hitzarmen bat lortzea.
Gipuzkoa mailan aurrekaririk ez duen parte hartze prozesua Euskal Herriko Unibertsitateak diseinatu du. Larunbat eguerdian aurkeztu zituzten xehetasunak, Donostiako Eureka Zientzia Museoan.
Informazio gehiago:
hitzartu@hitzartu.eus
Twitter: @Hitzartukide
Facebook: Hitzartukide