"Hitzartukide" izanez, parte hartze prozesua laguntzeko deia

Noaua Aldizkaria 2017ko abe. 18a, 04:04

Larunbatean aurkeztu eta urtebetez luzatuko den "Hitzartu" prozesuaren baitan aurreikusiak dauden ekintza guztiak garatzeak gutxi gorabehera, gehienez jota 80.000 euroko gastua eragingo duela aurreikusten dute proiektu honen sustatzaileek.

Gastuok gizarte zibilak, herritar eta erakundeek finantzatuko dituzte, "Hitzartukideek" eta auzolanaren bidez. Horretarako, "crowdfunding" proiektuak finantzatzen dituen enpresa bat kontratatuko dela iragarri zuten abenduaren 16ko aurkezpenean; gure artean sustraitua dagoen eta bere eskaintzak bi hizkuntzetan bermatzen dituen Itsulapikoa izenekoa hain zuzen. Honenbestez, itsulapikoa.eus  atarian sartuta lagundu dezakezue diruz, Hitzartu prozesua.

Erakunde nahiz norbanakoak Hitzartukide

Hitzartukide izatera animatzen diren erakundeek "kopuru jakin bateko ekarpena eta haien bazkideen artean beste kopuru bat biltzeko konpromisoa hartzea proposatzen da". Norbanakoak ere izan daitezke Hitzartukide. "Kasu horretan ere, bakoitzak ekarpen bat egingo du, eta haien inguruan kopuru jakin bat biltzeko "konpromisoa" har dezakete". 

Hitzartukide izatea, proiektu honekiko jarrera aktiboa hartzeko modu bat dela adierazten dute Hitzarturen sustatzaileek, "azken finean haiek (herritarrak eta erakundeak) baitira proiektuaren onuradunak". Hartara, "gizarteak bere eskubide zibil eta politikoak berreskuratuko ditu, kohesionatzeko aukera izango du eta gaur egun jasatzen duen polarizazio politikoa gainditu ahal izango du". Bestalde, "ingurumenean hobekuntzak, berrikusiko diren Hondakinen plan eta Prebentzio programei esker". 

Jasotako laguntzaren araberako prozesua

Diru-ekarpenak egiteko ohiko bideak baliatuko dituzte: kontu korrontea, kaleko diru-bilketak edota antolatuko diren ekitaldiak. Diru bilketarako kanpaina datozen 40 egunotan luzatuko da. Tarte honetan behar beste diru bilduko ez balitz, 2018ko udan bigarren seihileko ekintzak finantzatzeko beste kanpaina bat egitea aurreikusten dute. 

Diru ekarpenekin ekintza hauen gastu hauei aurre egin nahi diete: gai honi lotutako kanpaina, parte-hartze prozesuaren dinamizazioa, gizarte-mahaiaren eta mahai teknikoaren dinamizazioa, deliberamendu prozesua, 2017-2030 urtera arteko Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketarako Plangintza Integralaren idazketa, gai honetako parte hartzeko eskubidearen defentsa juridikoa auzitegien eta Europako Batasuneko erakundeen aurrean.

Jasotako diru-laguntzak baldintzatuko du prozesuaren garapena. Hau da, proiektuko helburuak jasotako laguntza ekonomikora egokituko dira. Honenbestez, zenbat eta laguntza gehiago jaso, herritarren inplikazioa handitu ahala, prozesuaren kalitatea hobeagoa izango da noski. "Gure nahia, prozesua ahalik eta kalitate onenaz garatzea litzateke", desio dute.

Gardentasuna

Parte hartze prozesu honek gardentasun-bermea izango du sustatzaileen esanetan. Prozesu honek eragindako diru sarrera eta gastu mugimenduen berri jaso ahalko da hitzartu.eus atarian. Une oro eskainiko da informazio eguneratua aipatu atari horretan baita itsulapikoa.eus crownfunding enpresaren web orrialdean ere. "Prozesuaren amaieran, kontuak likidatzeko eta kontu-emateko batzar bat egingo da, soberakinik izanez gero, horiekin zer egin erabakitzeko".

Informazio gehiago:

hitzartu.eus

hitzartu@hitzartu.eus

Twitter: @Hitzartukide

Facebook: Hitzartukide