Santomas Azokako txapelak Manuel Aizpurua eta Joxe Manuel Lizarralderentzat izan dira

Noaua Aldizkaria 2017ko abe. 17a, 14:54

Aurtengo Santo Tomas azokak arerio sendoak izan ditu. Kalegiroa hotz eta, irratian zein telebistan, Bertsolari Txapelketako Finala. Kostata baina gutxinaka batzen joan da jendea eta eguerdi partean lepo zegoen frontoi ingurua. Ohi bezala, arrakasta handia izan dute taloek eta Udarregi ikastolakoen postreek. Horretaz gain, lehian izan den sagardoa dastatzeko aukera izan dute bertaratu direnek. 

Ixabel Agirresarobek salda beroa prestatu du eta bere kondairekin txikien arreta bereganatu du. Gatza eta piperra lehiaketa garaian iritsi da. Manuel Aizpurua nagusitu da, beste behin ere, babarrun lehiaketan. Joxe Manuel Lizarraldek irabazi du sagardo lehiaketa. Hauek izan dira saritu denak:

 

Babarrun lehiaketa:

1. Manuel Aizpurua (Ibai-Ertz, Aginaga).

2. Jose Kruz Matxain (Olarri baserria, Elizalde).

3. Antonio Eizagirre (Aldapa baserria, Aginaga).

Sagardo lehiaketa:

1. Jose Manuel Lizarralde (Etxetxo baserria, Zubieta).

2. Manuel Etxeberria (Gorosti baserria, Aginaga).

3. Juan Inazio Lizaso (Munalurra).

 

Otarren zozketa:

Otarren salmenta bidez, Nafartarrek 12.500 euro batu dituzte Zuberoako Eperra ikastolaren alde. Horietako bat, hain zuzen, NOAUA!k erosi zuen eta gaurko zozketan banatu dugu, Errigorako beste otar batekin batera. Goiz partean, NOAUA!ko photocall-ean argazki bat atera dutenei zenbaki bat eman zaie.

Zenbaki denekin zozketa egin eta hauek izan dira  otar bana eraman dutenak: Lur Etxebarria eta Amaia Etxeberriarentzat izan dira. Zorionak!

 

Santomas Azoka, iruditan