Abenduaren 24ko presoen eskubideen aldeko kantu-jira prestatzeko entsegua gaur

Noaua Aldizkaria 2017ko abe. 18a, 03:05

Mari Domingi eta Olentzerorekin, aurten eguerdiz egingo duten herri itzulia prestatzeko entsegu saioa deitu dute astelehen honetan, abenduaren 18an, 18:00-19:00 artean Udarregi Ikastolaren Agerialde eraikineko musika gelan. Euskal presoen eskubideen aldeko ekimena aipatu moduan, abenduaren 24an baina 12:00-13:30 artean ospatuko da. Frontoitik abiatuko den ekimenera baserritar jantziekin agertzeko deia egin du antolakuntzak, Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak.

Aldaketa ugari gabon kanten saioetan

Badatoz gabonak, edo hobekiago esanda, eguberrietan gara aspalditik. Edozein kasutan, inguruotan eguberriei kantuan egin ohi zaie harrera urtero. Aurtengoan ordea zenbait hitzordu aldaketa izango dira. Ikastetxeek oporrak abiatzeko hautatuak dituzten egun ezberdinetan ospatuko dituzte ekitaldiok; abenduaren 21ean Aginagako Eskolak eta Udarregi Ikastolak. Udarregi Ikastolako kalejiren kasuan berrikuntza bat iragarri dute. “Gure ikastolako 50. urteurrenean, ikastolarako moldatutako gabon kanta pare bat gehituko dizkiogu errepertorio klasikoari”. Biharamunean, hilaren 22an, Zubietako Eskolak eta Haur Eskolak ospatu dituzte dagozkien ekitaldiak. Zubietako Eskolakoen kasuan, Lehen Hezkuntza osoa eskaintzeko aukera eskuratu izanari gorazarre egiteko baliatuko dute ekitaldia.

Herri eragileek deitutako hitzorduei dagokienez, Aginagako saioa abenduaren 24tik 23ra, egunbete aurreratuko dute aurtengoan eta segidan Olentzerori ongi etorria egingo diote. Usurbilen, euskal preso eta iheslarien eskubideen alde Mari Domingi eta Olentzerorekin abenduaren 24an arratsalde partean egin ohi duten itzulia eguerdiko poteo ordura aurreratu dute aurtengoan. Adi, entsegu saioa deitu baitute datorren astelehenerako, abenduaren 18rako. Bestalde, Parrokiak antolatu ohi duen kalejira ordu erdi atzeratu dute aurtengoan. Segidan duzue hitzordu guztion berri:

GABON KANTUAK ABESTEKO SAIOAK

Abenduak 18, astelehena

18:00-19:00 Abenduaren 24an Olentzero eta Mari Domingirirekin egingo den herri itzulia prestatzeko entsegua Udarregi Ikastolako Agerialde eraikineko musika gelan.

Deitzailea: Usurbilen Nahi Ditugu.

Abenduak 21, osteguna

Goizean zehar, ikasleen gabon kanten saioa Aginagako Eskolatik abiatuta.

Antolatzailea: Aginagako eskola.

09:30 Udarregi Ikastolako LH eta DBH-koen gabon kantuen saioa. LH-koek Kalezarko eta Kaxkoko buelta egingo dute. DBH-koak Kaxkoko ariko dira kantuan.

11:25 HH-ko haurren gabon kantuen jira, Agerialdetik frontoira.

Antolatzailea: Udarregi Ikastola.

Abenduak 22, ostirala

12:00 Zubietako eskolako kideen gabon kanten saioa Zubietako errebote plazan.

Ondoren, hamaiketakoa eta eskolak LH osoa eskaintzeko aukera eskuratu izana ospatuko dute.

Antolatzailea: Zubietako Eskola.

16:45 Olentzero, Napoleon astoa eta Mari Domingiren etorrera Haur Eskolara. 17:00etan 2-3 urteko haurren geletan harrera. Ondoren, jolastokitik gabon kantak abestuz frontoira. 18:15-18:30 aldera Haur Eskolako haurrentzako askaria frontoian: musikaz giroturiko pintxo eta sagardo dastaketa.

Antolatzailea: Haur Eskola.

Abenduak 23, larunbata

09:00 Gabon kantu jira Aginagako Parrokiatik.

Antolatzailea: Aginagako Katekesi Taldea.

18:00 Olentzerori ongi etorria Aginagako Sekaña parean. Trikitilariekin frontoira. Frontoian, eskutitz bilketa eta gaztain jana.

Antolatzailea: Antxomolantxa Elkartea.

Abenduak 24, igandea

12:00-13:30 Olentzero eta Mari Domingi euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko herri itzulia frontoitik.

Antolatzailea: Usurbilen Nahi Ditugu.

17:00etatik aurrera, Olentzeroren lagunek berarentzako gutunak bilduko dituzte Dema plazan.

17:30 Gabon kanta jira Parrokia aurretik.

Antolatzailea: Usurbilgo Salbatore Parrokia.

17:50 Olentzeroa Santuenea Elkartetik.

Antolatzaileak: Santuenea Elkartea eta gurasoak.

18:00 Haranetik idi gurdian helduko da Olentzero Ugarte baserri parera. Handik Dema plazarako bidea kantuan, Olatz Kortak gidatuko duen kalejiran. Bidean zehar Bordatxo edota Sutegi inguruetan, adar joleak, txalapartariak, bertsoak… Dema plazan, suaren istorioa, gaztain jana eta Olentzeroren gutun bilketa.

Antolatzailea: herritar eta eragile talde bat.