Abenduaren 21-22 artean murgilduko dira haur eta gaztetxoak, bi aste pasatxoko oporraldian. Baina urtero legez, ez dute aspertzeko beta handirik izango. Ekintza mordoa antolatu dituzte asteotarako Usurbilen nahiz Aginagan; Gabonetako Haur Parkea, izotz pista, ikuskizunak, gabon kantuen saioak, Errege Kabalgata... Beheko irudietan ikus dezakezuen moduan, haur eta gaztetxoei zuzendutako gabonetako ekintzen xehetasunak eskuorri batean jaso ditu Usurbilgo Udalak.
“Gatz, Titiritorto basatia” Titirishowa
Datozen ekintzen artean, lehen hitzordua asteazkenean, abenduaren 20an. Sutegi udal liburutegiak antolatuta, Maitena Illarramendik 4-5 urte artekoei zuzenduta eskainiko duen ikuskizuna arratsaldeko 18:00etan liburutegian bertan. "Okilen antzera, pago enborren barrenean egiten dituzte euren habiak. Bertan babesten dira neguko hotzetik gaueko iluntasunetik, eta hantxe dira ere gutaz ezkutatzen. Bertizeko Titiritortoak dira! Nafarroako oihanaren sakonean, izadiaren mirabe zein maitale diren izaki hori-berde hauen magia ezagutzera zatoz, egizu dantza ekaitzaren erritmoan, trumoi eta tximist arteko burrunba-saltsan abestuz. Bizkor! Gatz basatia zain duzu eta…".