“Sexismoa ez oparitu”. Eta zer oparitu erabaki aurretik hausnartu. Hortxe eskualdeko hainbat udalen eguberriotarako mezua. Erosketa egunotarako kaleratu duten gida aintzakotzat hartzea eskatzen dute Andoain, Astigarraga, Hernani eta Usurbilgo Udalek. “Jostailu eta jolasak aukeratzeko garaian kontuan hartu behar dira haurren nahiak eta gustuak, baina modu kritikoan”, dio udalon gidak.
Horretarako, haurrak jostailuen aukeraketan partaide aktibo bilakatzea aholkatzen dute. “Utzi haurrari jolas eta jostailuak aukeratzen, haien sexuak aukeraketa horretan eraginik izan gabe. Haurrak sexistak izan edo gehiegizko lehia zein indarkeria sustatzen duten jostailuak edo jolasak aukeratuz gero, saiatu horiek ekiditen, erakargarriak izan daitezkeen beste aukera batzuk proposatuz edo eskainiz”.
Usurbilgo Udalaren web orrialdetik (usurbil.eus) deskarga dezakezue gida pdf formatuan. Adin tarte bakoitzerako egokiak diren jolas, jostailu eta liburu zerrenda dakar, opariak aukeratzerakoan kontuan hartzeko gomendio hauekin batera:
-Haurraren adinerako egokiak direnak.
-Seguruak eta dibertigarriak direnak.
-Inor baztertu gabe, edozein umerentzat egokiak direnak.
-Generoaren ikusmolde estereotipatua eta sexista transmititzen ez dutenak (hau da, haurren jokabidea haien generoaren araberakoa izatea bultzatzen ez dutenak).
-Gaitasun indibidualak (pentsatzeko gaitasuna, irudimena, sormena edo jakinmina, kasu) eta sozialak (komunikatzeko, laguntzeko edo besteen tokian jartzeko gaitasunak, adibidez) sustatzen dituztenak.
-Gatazkak modu sortzailean bideratzea, parte-hartze parekidea, neska-mutilen arteko lankidetza-harremanak eta antzekoak sustatzen dituztenak.
Euskarazko Produktuen Katalogoa
Datozen eguberrietan euskara oparitzeko tresna ezin aproposagoa. Gida landu eta osatua, bertako, etxeko produktuekin. Kalean da, 2017-18 ikasturteari lotutako Euskarazko Produktuen Katalogo berria. Euskal Herriko 140 bat udal eta mankomunitateetako Euskara Zerbitzuen elkarlanaren emaitza da katalogoa. Usurbilgo Udalak ere parte hartzen du egitasmo honetan. Urtero moduan ikastetxeetan papereko edizioko katalogoak banatu dituzte jada. Eskuratu gabe geratu denak Potxoeneako Euskara Sailera jo dezake.Ia euskarazko denetariko 6.000 produktu biltzen ditu 19. katalogoak; liburuak, musika, jostailuak, jokoak, aldizkariak, DVD-ak, komikiak, gurasoentzako materiala...
Produktu guztion bilaketa errazteko, adin tartearen araberako bi atal nagusitan banatu dute argitalpenaren papereko edizioa: 0-12 eta 12-16 urte artekoei zuzendutako bereizitako eskaintzan. Produktu eskaintza osoa katalogoa.eus webgunean kontsulta dezakezue. Paperezko bertsioa ere bertan deskargatu eta nobedadeen berri jasotzeko buletin elektronikora harpidetu zaitezkete. Etengabe eguneratzen dute webgunea. Egile, argitaletxe, produktu mota eta abarren araberako bilaketa zehatzak egin edota sare sozialetarako nahiz esteka gehiagotarako galdu ezin duzuen pasabidea ere bada aipatu ataria.
KATALOGOA ZENBAKITAN
-2017koa, 19. edizioa.
-Euskal Herriko 140 bat udal eta mankomunitateetako Euskara Zerbitzuek parte hartzen dute (Usurbilgoak tartean).
-Bi edizio ditu katalogoak: paperekoa eta edizio digitala.
-125.000 ale banatu dituzte Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan.
-Katalogoak euskarazko ia 6.000 produktu biltzen ditu.
-0-16 urte arteko haur eta gazteei zuzendua.
-Bi atal nagusi: bat, 0-12 urte artekoei zuzendua; bestea, 12-16 urte artekoei.
Informazio gehiago:
Facebook: Euskarazko Produktuen Katalogoa