Abenduaren 27tik 29ra antolatu dituzten Gazte Topaketen aurretik, ostegun honetarako, abenduak 21, Katalunian deituak dituzten hauteskunde egunerako alegia, Ernaik Donostian antolatu duen manifestazioan parte hartzeko deia egin du Usurbilgo Ernaik. “Desobedientziaz, 78ko erregimenarekin haustea da Euskal Herri sozialista eta feminista eskuratzeko modu bakarra. Gazteok kalera! Independentziara!”, hortxe Ernaien gonbita.
Egungo gizarte eredu hegemonikoaren aurka
2015az geroztik egin bezala, Gazte Topaketak antolatu ditu Usurbilgo Ernai gazte erakundeak abenduaren 27tik 29ra. Oparo dator hirugarren edizioa. Hezkuntza, feminismoa, Herrialde Katalanetako prozesua, Errekaleor edota Usurbilgo gazte mugimenduari buruz hausnartuko dute. Baina aisialdirako tarterik ere hartuko dute, musika edota jan edanaren bueltan.
“Egungo gizarte eredu hegemonikoaren aurka gazte usurbildarrok biltzen garen hirugarren urtea da honakoa. Garunak irauli, ideiak askatu, esperientzia berriak ezagutu eta elkarrengandik ikasteko baliatzen ditugu topaketak. Askotan esan ohi dugu herri eredu justu, demokratiko, parekide eta euskalduna eraiki ahal izateko ezinbestekoa dela gure buruen jabe izatea. Nola egin hori praktikan, ordea? Helburu hori erdiesteko tresnak eskaintzen dizkigute gazte topaketek. Horregatik, aurten, egitarau oparoa osatu dugu Usurbilgo, Euskal Herriko zein eremu internazionaleko errealitateak gurera ekarriz eta baita gai anitz eta ezberdinak ukituz ere”.
Abenduak 21, osteguna
12:30 Manifestazioa “Desobedientziaz haustura, independentziara” aldarripean Donostiako Bulebarretik, Kataluniako hauteskundeen egunean.
Deitzailea: Ernai Donostia.
3. GAZTE TOPAKETAK
Abenduak 27, asteazkena
11:00 Solasaldia: “Hezkuntza Kolektiboa ezagutzen”.
17:00 Tailerra: “Feminismoa lantzen”.
22:00 Dokumentala: “Errusiar Iraultzari buruz”.
Abenduak 28, osteguna
11:00 Solasaldia: Herrialde Katalanetako Procés-aren gakoak, gazte ikuspuntutik Arran-eko ordezkaritzarekin.
17:00 Hitzaldia: “Errekaleor, Gasteizko auzo askea ezagutzen”.
19:00 Mahai-ingurua: “Musika eta politika 2.0”.
Jarraian, luntx-a.
22:00 Bakarlaria: Peputz (Hernanitik).
Abenduak 29, ostirala
18:00 Mahai-ingurua: “Usurbilgo Gazte Mugimenduaren bilakaera: Itaya eta gero, zer?”.
21:00 Afari-tertulia herriko preso ohiekin eta eskutitz bidalketa Olatz, Patxi eta Xuari.
Oharra: jardunaldiok Usurbilgo Kaxkoan egingo dira, lekuak zehazteke daude ordea.
Antolatzailea: Usurbilgo Ernai.
Irudia: artxibokoa.