Hasieraz onartu berri dituzte, 2018rako udal aurrekontuak

Noaua Aldizkaria 2017ko abe. 19a, 19:22

Diru kontuak hizpide nagusi gaur, eguberriak tarteko, astebete aurreratu duten udalbatzaren ezohiko osoko bilkuran. 2018ko udal aurrekontuak hasieraz onartu berri ditu Usurbilgo Udalak gehiengo osoz, EHBilduren aldeko bozkekin. EAJ-k eta PSE-k aurka bozkatu dute. Urte berrirako Lanpostuen Zerrenda eta Plantilla Organikoa ere hasieraz onartu berri ditu udalbatzak. 2018rako zerga ordenantzan zeuden zenbait akats zuzentzea ere bai. Eta amaitzeko, aho batez onartu dute baita beste bost urtez Puntapax Eguneko Zentroko kudeaketa, orain arteko kudeatzaileei, Gestión de Servicios Residenciales S. Coop. enpresari esleitzea. 

Udal gobernu programan oinarriturikoak

Legealdi hasieran herritarrekin osaturiko gobernu programan oinarrituko ditu udal gobernu taldeak urte berrirako aurrekontuak. Herri jasangarria lortu, herri nortasuna indartu eta ongizatea, horiexek ardatz nagusiak. "Edozein kasu, dena ez dago itxita, eta badugu tarterik zure iritzi, ekarpen edota proposamenetarako", ohartarazi dute. 

11.311.000 euro ditu udalerri honek, zertan zenbat xahutu erabakitzeko. Zenbait proiektu estrategikoetara bideratuko du kopuru horretatik zati garrantzitsu bat. Adibidez, "Zumarte musika eskola berrituko du; Kiroldegiko instalazioak berritzeko eta espazio arazoak gutxitzeko, igerileku txikia irisgarri bihurtzeko eta handitzeko lanak egingo ditu; mugikortasun jasangarriaren norabidean, hainbat egitasmo bultzatuko ditu; Usurbil 0.0 plana martxan jarriko du; hilerri zaharra erabat hustu eta behin-betiko itxiko du; agitera publikoa kontsumo baxuagoko LED argiekin ordezkatzen jarraituko du...", iragarri dute udal gobernu taldetik.

Honez gain, Artzabalgo plaza konponduko dutela iragarri dute, "hainbeste urtez katramilatuta" egon ostean. Eta 750.000 euro inguru banatuko dituzte diru-laguntzetan. Udal diru-laguntza politikari eusteko beharra nabarmentzen du udal gobernu taldeak, "izan ere, udal gobernu honen iritziz, herriko taldeek egiten duten lanari esker dugu herri bizia eta dinamikoa, solidarioa, euskalduna, parekidea, eramangarria, abegikorra, eta hori horrela izaten jarrai dezan, gure ekarpen ekonomikoa egiten jarraituko dugu. 750.000 euro ingurukoa izango da laguntza hori. Auzolana eta elkarlana gisako baloreak, galdu ezinezkotzat ditugu".

Udal aurrekontuak onartzeko prozesua

-Azaroak 14: Usurbilgo Udaleko Ogasun Batzordean udal aurrekontuen zirriborroa aurkeztu eta aurrekontuok onartzeko egutegia adostu zuten. Udal taldeek ekarpenak egiteko epea zabaldu zuten.

-Azaroak 20-24: udal aurrekontuen zirriborroa aurkeztu eta herritarren ekarpenak jasotzeko bilera erronda egin zuten auzoka.

-Azaroak 22: udal taldeen ekarpenak Ogasun Batzordean jaso zituzten.

-Abenduak 19: udalbatzarraren ezohiko osoko bilkuran onartu asmo dituzte 2018ko udal aurrekontuok.

Udal aurrekontuak zenbakitan

Herri jasangarria:

Guztira: 2.600.000 euro (aurrekontu osoaren %23,28).

Partidak: hirigintza (%2,69), ingurumena (%8,59), zerbitzuak eta obrak (%12).

Herri nortasuna indartzea:

Guztira: 1.200.000 euro (aurrekontu osoaren %10,33).

Partidak: ia 200.000 euro euskararen normalizaziora (%1,79), 363.000 euro kulturara (%3,21). Euskarara eta kulturara orotara, aurrekontu osoaren %5a. 526.000 euro hezkuntzara (%4,65).

Ongizatea:

Guztira: 2.470.000 euro (aurrekontu osoaren %21,85). 

Udal baliabideak:

Guztira: 4.900.000 euro (aurrekontu osoaren %43,33).