Kontuan izan, Usurbildik Lasarte-Oriarantz zoaztenoi edota alderantzizko bidaia N-634 errepidetik egin asmo duzuenoi. Ugaldea industriagunerako sarbide parean egiten ari diren lanak tarteko, erreil bat itxita egongo da asteazken eta ostegun honetan. Usurbilgo Udalak ohartarazi duenez, semaforo bidez erregulatuko dute ibilgailuen joan etorria.
Gipuzkoako Foru Aldundia N-634 errepidean egiten ari den lanokin Ugaldea industriagunerako sarbidea hobetu nahi da. Errepidean, hirugarren erreil bat egingo dute, Usurbilgo Udaletik berri eman dutenez "industriagunera sartzeko itxaroteko erreila izango dena. Lanek bi hilabete iraungo dutela jakinarazi du Gipuzkoako Bide Azpiegituretako Departamenduak, eta lanen kostua 112.648,35 €-koa izango da".
Aspaldiko behar bati erantzuna emango zaio. Udal gobernuak ere sarritan eskatua zion Aldundiari konpon zezala sarbide hau.
Auto ilarak, obrak hasi zituztenean
Begi bistakoak dira N-634 errepidean Ugaldea industriagunerako sarbidean egiten ari diren lanak. Azaroa hasieran abiatu zituzten, auto ilara luzeak eraginez, errepidean jarritako behin behineko semaforoen ondorioz.
Egoera honen aurrean kexa agertu zuen Udalak Aldundian eta obra zuzendaritzarekin eginiko bileran udal langileek, lanok usurbildarrei ahalik eta eragin txikiena izatea galdegin zieten, auto ilarak eragoztea eta halakorik berriz ez errepikatzea eskatzearekin batera.
Proiektu honen berri izan bazuen Udalak, baina lanok ezustean harrapatu zuten. "Usurbilgo Udalak egitasmo horren berri bazuen, izan ere, udal gobernuak sarri eskatu izan dio Diputazioari sarrera hori konpontzeko. Lan horiek lehenbailehen hasteko indarra egin du Udalak. Eta, ondorioz, begi onez ikusten duen obra da. Haatik, Udalak ez zekien noiz eta nola hasiko ziren lan horiek, eta sorpresaz hartu du lanak, aurrez ezer esan gabe, hasi izana", ohartarazi zuten Udaletik, azaroa hasieran.
Irudiak: artxibokoak.