Orain arteko enpresa berak kudeatzen segiko du, Puntapax Eguneko Zentroa

Noaua Aldizkaria 2017ko abe. 20a, 10:41

Hala erabaki zuen udalbatzak, astearte arratsaldean egin zuten osoko ohiko bilkuran. Kalezarren, Haur Eskolako eraikin berean kokatzen den Puntapax Eguneko Zentroa ireki zutenetik Gestión de Servicios Residenciales S. Coop. enpresak kudeatu du gunea. Eta hala izaten segiko du beste 3 urtez (5 urtera arte luzagarri), atzo udalbatzak hartutako erabakiaren ostean.

Aipatu adinekoen zentroaren erabilera eta kudeaketa zerbitzua emakidaz kontratatzeko espedientea eta "aipatu kontratua gauzatzeko, jarduteko eta esleipenerako oinarri bezala erabiliko diren Administrazio Baldintza Zehatzen eta Preskripzio Teknikoen orriak" ere onartu zuen udalbatzak urriaren 4an egin zuten ezohiko osoko bilkuran. Deialdira enpresa bakarra aurkeztu da, egungo kudeatzaileak; Gestión de Servicios Residenciales S. Coop. enpresa. Haien eskaintzak lizitazioko baldintza guztiak betetzen ditu eta esleipeneko gehienezko prezioa ez du gainditzen, atzoko osoko ohiko bilkuran Gizarte Ongizate eremuko udal gobernu taldeko kide eta zinegotzi Jone Urdanpilletak adierazi zuenez. Aho bateko babesa eman zion udalbatzak proposamenari.

6 plaza gehiago asteburu eta jai egunetan

Hiru urterako esleipenaz ari gara, urtez urte bost urteraino luzatu ahalko dena. "Guztira estimaturiko kontratuaren bolumen ekonomikoa 1.301.100 euro da (BEZ-ik gabe), eta %4a BEZ (52.044 euro) barne, guztira 1.353.144 euro". 

Eguneko Zentroa ireki zenetik orain arte, GSR enpresak kudeatu du Puntapax Eguneko Zentroa. 18 plaza ditu egun astetartean, 6 asteburuetan. Baina laster adineko herritar gehiagorentzako lekua egongo da. Usurbilgo Udalak Eguneko Zentroko plaza kopurua gehitzea eskatua zion Gipuzkoako Foru Aldundiari, dagoen eskariak egungo eskaintza gainditzen baitu. Eta eskaerak Diputazioaren baiezkoa jaso zuen.

 

EGUNEKO ZENTROA

Helburua:

"Adineko personen eta horien senideen bizi-baldintzak egokiak izan daitezen laguntzea eta bi alderdiei ahalik eta autonomia eta bizi-kalitate handiena ematea".

Plaza kopurua:

Egun astetartean 18 plaza ditu, asteburu eta jai egunetan 6. Laster, asteburu eta jai egunetan 6 plaza gehiago izango ditu.

Egutegia eta ordutegia:

Urte osoan zabalik, urtarrilaren 1ean, 6an, abenduaren 25ean eta Udalak izendaturiko herriko jai egunean izan ezik.

Ordutegia: 09:30-18:00 (astelehenetik ostiralera); 09:30-17:30 (asteburu eta jai egunetan).

Eskainitako zerbitzuak

-Ostalaritzako zerbitzuak.

-Oinarrizko arreta pertsonaleko eta eguneroko bizimodua berregokitzeko zerbitzuak.

-Zerbitzu sanitarioak.

-Zerbitzu psikosozialak.

-Informazio, arreta eta parte hartzeko zerbitzuak.