Usurbilgo 3. Gazte Topaketen egitaraua eta kartela prest ditu Ernaik

Noaua Aldizkaria 2017ko abe. 20a, 13:08

2015az geroztik egin bezala, 3. Gazte Topaketak antolatu ditu Usurbilgo Ernai gazte erakundeak abenduaren 27tik 29ra. Oparo dator hirugarren edizioa. Antolatzaileek prest dute topaketon egitarau eta kartela. Hezkuntza, feminismoa, Herrialde Katalanetako prozesua, Errekaleor edota Usurbilgo gazte mugimenduari buruz hausnartuko dute. Baina aisialdirako tarterik ere hartuko dute, musika edota jan edanaren bueltan.

“Egungo gizarte eredu hegemonikoaren aurka gazte usurbildarrok biltzen garen hirugarren urtea da honakoa. Garunak irauli, ideiak askatu, esperientzia berriak ezagutu eta elkarrengandik ikasteko baliatzen ditugu topaketak. Askotan esan ohi dugu herri eredu justu, demokratiko, parekide eta euskalduna eraiki ahal izateko ezinbestekoa dela gure buruen jabe izatea. Nola egin hori praktikan, ordea? Helburu hori erdiesteko tresnak eskaintzen dizkigute gazte topaketek. Horregatik, aurten, egitarau oparoa osatu dugu Usurbilgo, Euskal Herriko zein eremu internazionaleko errealitateak gurera ekarriz eta baita gai anitz eta ezberdinak ukituz ere”.

Manifestazioa Donostiako San Tomas Azokan

Gazte Topaketen aurretik, ostegun honetarako, abenduak 21, Katalunian deituak dituzten hauteskunde egunerako Ernaik Donostian (12:30etan Bulebarretik) deitu duen manifestazioan parte hartzeko deia egin dute. “Desobedientziaz, 78ko erregimenarekin haustea da Euskal Herri sozialista eta feminista eskuratzeko modu bakarra. Gazteok kalera! Independentziara!”, hortxe Ernaien gonbita.

3. Gazte Topaketak

Abenduak 27, asteazkena

11:00 Hitzaldia Potxoenean: "Hezkuntza kolektiboak ezagutzen".

17:00 Tailerra Potxoenean: "Gazte harremanak eta ahalduntze tailerra".

19:00 Mahai-ingurua Aitzagan: "Musika eta politika".

22:00 Iraultza sobietarrari buruzko dokumental proiekzioa Sutegin: "1917-2017".

Abenduak 28, osteguna

11:00 Hitzaldia Potxoenean: Herrialde Katalanetako Procés-aren gakoak, Arran-eko ordezkaritzaren eskutik.

17:00 Hitzaldia Aitzagan: "Errekaleor ezagutzen, etxebizitza eredua".

19:30 "Pasaiako Badia" dokumentalaren proiekzioa Sutegin. 

22:00 Peputz bakarlaria (Hernanitik) Aitzagan.

Abenduak 29, ostirala

18:00 Mahai-ingurua Aitzagan: "Usurbilgo Gazte Mugimenduaren bilakaera. Itaya eta gero zer?".

21:00 Afari-tertulia herriko preso ohiekin Aitzagan eta eskutitz bidalketa Olatz, Patxi eta Xuari.

Antolatzailea: Usurbilgo Ernai.