Ohiko asteazkeneroko irudia jaso dugu abenduaren 20 honetan Askatasuna plazan. Salmenta postuak aipatu enparantzako aterpean. Baina inguruetan jada, hainbat xafla edota lasto fardo ikus daitezke, datorrenaren seinale. Bolatokiko zorua ere egokitu dute, bertan eskainiko duten kafetegi zerbitzurako. Hiriburura patinatzera joan beharrik ez baitugu izango gabon hauetan, Usurbilen bertan izango baitugu izotz pista; Askatasuna plazako estalpean hain zuzen.
Eguberriotako berrikuntza nagusia izango dugu, dezenteko zirrara sortuko du ziur baten baino gehiagoren artean. Hurbilago Usurbilgo Ostalari eta Merkatarien Elkarteak antolaturiko gunea zabalik izango da abenduaren 22tik urtarrilaren 7ra ordutegi honetan: 11:00-13:00/17:00-20:00. Izotz pistarako sarrerak aurrez merkeago eskuratu ahalko dituzue Hurbilagoko saltokietan, 1,5 eurotan hain zuzen. Bestela, izotz pistan bertan 3 euroren truke. Izotz pistaren osagarri, pista zabalik dagoen ordutegi berean, kafetegi zerbitzua eskainiko da Askatasuna plazako bolatokian.
San Silvestrerako izen ematea
Izotz pista Hurbilago Elkartekoek eguberriotara dakarkiguten berrikuntza nagusia izango da. Hitzordu klasiko bat prestatu dute; 2017a ere korrika agurtuko baitugu jada zortzigarren ediziora heldu den Hurbilago San Silvestre lasterketari esker. Izena ohi bezala, aurrez eman ahalko duzue elkarte bereko establezimenduetan. Hitzordua betikoa; jai giroan ospatuko den lasterketa, abenduaren 31n 17:00etan frontoitik.
Usurbilen erosteagatik, opariak eguberriotan
Urtero moduan, Usurbilen erosketak egitea saritu nahi du Hurbilago Elkarteak opari ederrekin. Datozen asteotan, elkarteko kide diren establezimenduetan erosketak egitearen truke, txartelak eskuratu ahalko dituzue. Saltokietako kaxetan sartu eta abenduaren 31ra arte itxaron. 8. Hurbilago San Silvestre Herri Lasterketaren amaieran, frontoian, 50 euroko 25 bale eta Saizar Sagardotegian dastatzeko 2 lagunentzako 4 afari zozketatuko dituzte.