Berez larunbat honetan, abenduaren 23an amaitzekoa zuten gripearen aurkako txertaketa kanpaina, baina azkenean, 15 egunez luzatzea erabaki du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, urtarrilaren 6ra arte hain zuzen. Azken egunotan gripe kasuen kopuruan izan den gorakadak erabaki hau hartzea eragin du. 100.000 biztanleko 123 gripe kasu izatera heldu da EAE. "Hortaz, gainditu da epidemia-tasa, 100.000 biztanleko 52,46 kasutan kokatzen baita. Osasun Sailaren Zaintza Epidemiologikoko Sareak – mediku jagoleek eta Osakidetzak egiaztatu dute gripe-sindromearen ondoriozko asistentzia-eskariak gora egiten jarraitzen du", berri eman dute Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailetik. Eta aurreikusi dutenez, "datozen asteetan gripearen jarduera gehitzea" aurreikusten dute. Bereziki 0-14 urte artekoengan ari da eragiten gripea.
Ondorioz, aipaturikoa, gripearen aurkako txertaketa kanpaina urtarrilaren 6ra arte luzatu dute Osasun Sailak eta Osakidetzak. "Arrisku-taldeetako ahalik eta pertsona kopururik handienari eskaini nahi zaio osasun-etxeetan edo anbulatorioetan txertoa hartzeko aukera. Hartara, txertoa hartu nahi duten 65 urtetik gorako pertsonek, gaixotasun kronikoren bat dutenek eta haurdun dauden emakumeek datorren urtarrilaren 6ra arte hartu ahal izango dute txertoa haien osasun-etxeetan edo anbulatorioetan. Ildo horretan, osasun-agintaritzek gogorarazi nahi izan dute txertoa dela, segurtasunez eta eraginkortasunez, gripeari aurre egiteko tresnarik eraginkorrena, baita gaixotasunak pertsonarik kalteberaenetan eragin ditzakeen konplikazioei aurre egiteko tresnarik egokiena ere", ohartarazi dute.
Txertoa hartzeko aurrez hitzordua eskatu anbulatorioan edo bertara deituta; 943 36 20 13.
Odol ematea, urtarrilaren 8an
Urte berriko lehen odol ematea, datorren urtarrilaren 8rako finkatu du Usurbilgo Odol Emaileen Elkarteak. Hitzordua ohikoa; anbulatorioan, 18:00-20:30 artean.