Merezitako oporretan murgiltzen hasi berriak dira honez gero Udarregi Ikastolakoak. Ikasturteko lehen txanparen amaieraren sinonimo diren irudiak jaso ditugu San Tomas egun honetan. Gabonei abestuz egin diete harrera Udarregi Ikastolako HH, LH eta DBH-ko ikasle eta hezitzaileek, Usurbil eta Kalezar inguruetan barrena egin dituzten kalejiren bidez. Ikasleak abesten eta ekitaldiok musikaz girotzen, Olentzero hara eta hona garraiatzen, eta lehen lerrora erakarri dituzten zaletuen argazkietarako irribarrez agertzen ikusi ditugu.
Berrikuntzak ere izan dira, bereziki abestien letretan. Lehen Hezkuntzakoen kalejiran esaterako, abesti berri bat txertatu dute errepertorioan. Ondoko bideoan entzungai duzuen lehen kanta hain zuzen. Eta laikotasunaren eta parekidetasunaren bidean, ezagunak ditugun gabonetako hainbat abesti ere egokitu dituzte.
Abestuz oporretara doaz Udarregi Ikastolakoak. Urtarrilaren 8an itzuliko dira ikasgeletara. Atseden hartu eta aisialdiaz gozatzeko bi aste pasatxo dituzte aurretik.
Ikastolak 50 urte 2018an
Mende erdia beteko du Udarregi Ikastolak 2018an. Urtemuga berezia merezi bezala ospatu asmoz, ekitaldi ezberdinak antolatzekotan dira. Ekimenok bideratzeko irakasle talde bat osatu dute jada, “baina hezkuntza-komunitate osoaren artean ospatu nahi dugu!”. Antolaketan parte hartu eta ideia berriak proposatzera animatzen dute. “Ilusioz beterik gattunk! Barreiatu dezagun bada, bazter guztietara gogoa eta ilusioa!!! Guztion artean jantzi dezagun 50. garrena!”. Udarregi.eus atarian sartu eta jada proposatu dituzten ekintzetan laguntzeko izen emateko aukera duzue:
-Urtarrila: Ikastolaren leloa diseinatzen.
-Otsaila: 50. urte inauteriak ospatzen.
-Martxoa: atzotik gaurdaino: ikasle, irakasle, lehendakari eta familia ohiak….
-Apirila: Udarregi 50. urte bertsotan: Udarregi bertsolari, Udarregi ikastola….
-Maiatza: Udarregi sagardi artean: Usurbilgo bideetan barna (ibilaldi, paseo…).
-Ekaina: Ikastola Eguna. “Izango gattunk beste 50 urteetan! Bai horixe!”.