Eguberriotako berrikuntza nagusia izango dugu. Itxura hauxe zuen ostegun iluntzean, Askatasuna plazako aterpeak. Amaitzear zituzten, datozen asteotan bertan izango dugun izotz pista egokitzeko lanak.
Hurbilago Usurbilgo Ostalari eta Merkatarien Elkarteak antolaturiko ekimena ostiral honetan bertan abiatuko dute. Alegia, izotz pista gaur bertan irekiko dute, baina arratsaldez; abenduaren 22an, arratsaldeko 17:00etatik aurrera gozatu ahalko da patinatzeko gune honetaz. Patinak bertan izango dituzue eskuragarri. Txartelak ere bai, 3 eurotan. Hurbilago Elkarteko saltokietan aurrez eskuratzen badituzue merkeago, 1,5 eurotan.
Patinatzeko gune honen osagarri, kafetegi zerbitzua eskainiko da Askatasuna plazako bolatokian. Urtarrilaren 7ra arte izango da patinatzeko aukera. Adi, egunaren arabera ordutegi ezberdinetan egongo baita zabalik Askatasuna plazako gunea. Ia egunero goiz eta arratsaldez, eta zenbait egunetan baita gauez ere!
Izotz pistaren ordutegiak:
-Abenduak 22: 17:00-20:00.
-Abenduak 23: 11:00-13:00 / 17:00-20:00 / 21:00-23:00.
-Abenduak 24: 11:00-14:00.
-Abenduak 25: 12:00-14:00 / 17:00-20:00.
-Abenduak 26: 11:00-13:00 / 17:00-20:00.
-Abenduak 27: 11:00-13:00 / 17:00-20:00.
-Abenduak 28: 11:00-13:00 / 17:00-20:00.
-Abenduak 29: 11:00-13:00 / 17:00-20:00.
-Abenduak 30: 11:00-14:00 / 17:00-20:00 / 21:00-23:00.
-Abenduak 31: 12:00-14:00 / 18:00-20:00.
-Urtarrilak 1: 11:00-14:00 / 17:00-20:00.
-Urtarrilak 2: 11:00-13:00 / 17:00-20:00.
-Urtarrilak 3: 11:00-13:00 / 17:00-20:00.
-Urtarrilak 4: 11:00-13:00 / 17:00-20:00.
-Urtarrilak 5: 11:00-13:00 / 20:00-23:00.
-Urtarrilak 6: 11:00-14:00 / 17:00-20:00 / 21:00-23:00.
-Urtarrilak 7: 11:00-14:00 / 17:00-20:00.
San Silvestrerako izen ematea
Izotz pista Hurbilago Elkartekoek eguberriotara dakarkiguten berrikuntza nagusia izango da. Hitzordu klasiko bat prestatu dute; 2017a ere korrika agurtuko baitugu jada zortzigarren ediziora heldu den Hurbilago San Silvestre lasterketari esker. Izena ohi bezala, aurrez eman ahalko duzue elkarte bereko establezimenduetan. Hitzordua betikoa; jai giroan ospatuko den lasterketa, abenduaren 31n 17:00etan frontoitik.
Usurbilen erosteagatik, opariak eguberriotan
Urtero moduan, Usurbilen erosketak egitea saritu nahi du Hurbilago Elkarteak opari ederrekin. Datozen asteotan, elkarteko kide diren establezimenduetan erosketak egitearen truke, txartelak eskuratu ahalko dituzue. Saltokietako kaxetan sartu eta abenduaren 31ra arte itxaron. 8. Hurbilago San Silvestre Herri Lasterketaren amaieran, frontoian, 50 euroko 25 bale eta Saizar Sagardotegian dastatzeko 2 lagunentzako 4 afari zozketatuko dituzte.