Olentzerori ongi etorria gaur 18:00etan Aginagan

Noaua Aldizkaria 2017ko abe. 23a, 10:50

Ikastetxeen ostean, herri eragileen txanda. Larunbat eta iganderako Mari Domingiri eta Olentzerori ongi etorria emateko hainbat hitzordu antolatu dira. 

Lehenengoak Aginagan. Aginagan egunbete aurreratu dituzte ospakizunak, abenduaren 24tik 23ra. Larunbatez, goiz partean baserriz baserri ibiliko dira kantu-jiran. Eta arratsaldez, Olentzerori ongi etorria antolatu diote Antxomolantxa Elkartekoek. "Gogoratu datorren larunbatean Olentzero datorkigula Agiñara. 18:00ak aldera Sekaña ingurura jaitsiko da menditik eta trikitilarien laguntzarekin kalejiran jaitsiko dira frontoi aldera. Bertan, Olentzerok gutunak hartuko ditu gaztain goxo-goxoak banatzen diren bitartean. Azaldu!", luzatu dute gonbita, sare sozialetatik.

Biharamunean (abenduak 24), aurten eguerdiz, euskal presoen eskubideen aldeko Mari Domingi eta Olentzerorekin herri itzulia antolatu du Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak. “Aurten, herritik 595 km.ra preso dauzkaten Olatz eta Patxiren egoeraz gain, bereziki islatuko dugu beren alaba Xuarena, sakabanaketa dela medio, ezin baitu Usurbil ezagutu. Giro alaian, kantuz eta samurtasunez helaraziko diegu hirurei gure lagunkidetasuna. Ahal dela, baserritarrez jantzita etortzea eskatzen dugu”, deitu dute Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik.

Igande arratsalde partean hiru hitzordu gutxienez; Santuenean, auzo elkarteak antolatuta Olentzero jira ospatuko dute. Kaxkoan bi hitzordu; batetik Parrokiak antolaturikoa, aurten ohi baino ordu erdi beranduago, 17:30etan abiatuko dena eta berrikuntza bat. Olentzeroren irudia eta abenduaren 24ko ospakizuna indartzearen aldeko apustua egin asmo duen ekimen berria. Olentzero bizidun bat helduko da idi-gurdi batean Haranetik 18:00etan Haur Eskola eta Ugarte baserri parera, Kalezarrera. Handik musika, bertsoak, txalaparta... uztartuko dituen kalejira antolatu da Dema plazaraino. Suaren istorioa azalduko digute helmugan. Dema plazan bertan, igande arratsaldez Olentzeroren lagunei gutunak helarazteko aukera egongo da. Olentzero kalejiran Dema plazara heldutakoan jasoko ditu.

Honatx xehetasunak:

GABONETAKO KANTU JIRAK

Abenduak 23, larunbata

09:00 Gabon kantu jira Aginagako Parrokiatik.

Antolatzailea: Aginagako Katekesi Taldea.

18:00 Olentzerori ongi etorria Aginagako Sekaña parean. Trikitilariekin frontoira. Frontoian, eskutitz bilketa eta gaztain jana.

Antolatzailea: Antxomolantxa Elkartea.

Abenduak 24, igandea

12:00 Olentzero eta Mari Domingi euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko herri itzulia frontoitik.

Antolatzailea: Usurbilen Nahi Ditugu.

17:00etatik aurrera, Olentzeroren lagunek berarentzako gutunak bilduko dituzte Dema plazan.

17:30 Gabon kanta jira Parrokia aurretik.

Antolatzailea: Usurbilgo Salbatore Parrokia.

17:50 Olentzeroa Santuenea Elkartetik.

Antolatzaileak: Santuenea Elkartea eta gurasoak.

18:00 Haranetik idi gurdian helduko da Olentzero Ugarte baserri parera. Handik Dema plazarako bidea kantuan, Olatz Kortak gidatuko duen kalejiran. Bidean zehar Bordatxo edota Sutegi inguruetan, adar joleak, txalapartariak, bertsoak… Dema plazan, suaren istorioa, gaztain jana eta Olentzeroren gutun bilketa.

Antolatzailea: herritar eta eragile talde bat.