Urteroko gabon festa ospatu dute eguerdian Zubietako Eskolako ikasle, senide eta hezitzaileek. Ezohiko eta berezia bihurtu dute ordea aurtengoa. Ospatzeko arrazoi nagusi bat baitzuten; Zubieta erdigunean kokatua dagoen herri ikastetxean, urteetako borroka eta hamaika ahaleginen ondoren, Lehen Hezkuntza osoa eskaintzeko aukera eskuratu dute amaitzear dugun urte honetan.
Progresiboki ezarriko dute LH osoa Zubietako Eskolan. Jada eskolan diren ikasleek 12 urtera arte bertan ikasteko aukera izango dute. Egun, 3. mailan daude ikasle helduenak. Hurrengo ikasturteetan, progresiboki mailaz maila ziklo osoa ezarriko dute.
Albiste eder honekin agurtu dute 2017a, kantu, hamaiketako eta hitzordu berezi honetarako apropos sortutako bertso artean. Merezitako oporraldian murgilduko dira gaurtik. Urtarrilaren 8an itzuliko dira eskolara.