Iazko abenduaren 24an zendu zen Alejandro Tapia margolari aginagarra. Gaur urtebete beraz. Natura miresten zuen sortzailea hizpide izan dugu azken aldian.
Omenaldi hunkigarri eta biribila egin zitzaion azaroaren 3an, NOAUA!ren Kulturaldiaren baitan. Merezitako herriaren agurra jaso zuen Alejandro Tapiak. Bere lagun, senide eta herritarrak bildu zituen Sutegiko auditorioan. Oholtza gainean, ongi asko ezagutzen zituen sorkuntza munduko hainbat lagun.
Alejandroren sorterri bera partekatzen duten sortzaile talde bat aritu zen; bakoitzak, ederkien dakiena egiten. Pello Zubiria aginagarrak aurkeztu zuen ekitaldian, Andu Lertxundi eta Antton Olariaga Tapiari eta bere sortze lanei buruz solasaldi alai askoan, Amaia Zubiria kantuan, Txokoalden Txalapartaren Txokoa kudeatzen duten Oreka Tx taldeko kideak txalaparta jotzen aritu ziren. Poema errezitaldi ederra eskaini zuen NOAUA! K.E.-ko lehendakari Idoia Torregaraik, Xabier Arregi alkateak Tapiari eskainiko hitz hunkigarriak. Eta haien eskutik jaso zuten, oroigarri eta lore sorta ederra Alejandroren senideek, Sutegi goraino bete zuten herritarren txalo artean.
Erakusketa arrakastatsua
Alejandro Tapiaren senide eta inguruak, Usurbilgo Udalak eta NOAUA! Kultur Elkarteak antolatu zuen omenaldia, baita egun berean bere lanekin ireki zen erakusketa arrakastatsua ere. 1951-2014 urte arteko hainbat sortze lan izan ziren ikusgai Sutegin bi astez. Batek baino gehiagok agertu zuen lanokiko miresmena eta eskuratzeko nahia.
https://youtu.be/nOKveqbRZqo
https://youtu.be/g6pvTshnHLs
https://youtu.be/PL1TNugwJxE
https://youtu.be/s2-qzvo7AJQ
https://youtu.be/GQW5vK0csQ4
https://youtu.be/0EW_lbCIkp0
https://youtu.be/mlBEOhth3Lo
https://youtu.be/bUkWzY52NDA