Esku artean izango duzue jada. Urtea borobiltzeko, ohi bezala, 2017ko azken NOAUA! astekaria, gabonetako gehigarria eta 2018ko egutegia kaleratu ditugu aste honetan. Aurtengoan, Zaloa Arnaiz usurbildarrak diseinaturiko argitalpena, gaur urtebete zendu zen Alejandro Tapia margolari aginagarrari eskainia dago. Bere sortze lanen irudiek (Argazkiak: Ivan Perez, Joakin Pagola eta Zaloa Arnaiz) iragartzen digute hilabete bakoitza. NOAUA! K.E.-k eskerrak eman nahi dizkie egutegi hau egiteko laguntza eman duten guztiei, bereziki Tapia familiari eta inguruari eta Usurbilgo Udalari.
Bere lanen irudien bilduma NOAUA!n eskuragarri
Joan den azaroko NOAUA! K.E.-ren Kulturaldian, margolari aginagarra omentzeko Sutegin bere lanekin antolaturiko erakusketan eskuragarri izan zen bere koadroen irudi bilduma liburua. Usurbilgo alkate Xabier Arregiren, Anjel Lertxundi eta Bernardo Atxaga idazleen hitzekin hornitua dator Tapiaren familia eta inguruak, Usurbilgo Udalak eta NOAUA!-k elkarlanean landutako argitalpena. Alejandroren sortze lanen irudi eta biografia ezagutzeko aukera ematen digu. NOAUA! K.E.-ren egoitzan eskura dezakezue.
Eta ikusgai duzue, 2017an zehar Usurbilgo sortzaileek argitaratu dituzten lanen artean, Sutegiko erakusleihoan. Uzta ederra utzi digute aurtengoan ere. Sutegi udal liburutegiaren eta NOAUA! K.E.-ren elkarlanez, kultur etxeko aretoko erakusleihoan jarri ditugu ikusgai. Eskuragarri aldiz, liburutegian bertan, Aitzaga tabernan (musika taldeen CD-ak), Lizardi eta Laurok liburu dendatan eta NOAUA! K.E.-ren egoitzan (Alejandro Tapiari buruzko argitalpena) dituzue.
MUSIKA
Odolaren Mintzoa: “Etsipenaren aurka”
Zaparra: “Putzu sakonetik”
eMe: “Beleak elurretan”
Erokomeri: “Izan”
Joseba Tapia eta Besamotzak
LIBURUAK
Jakoba Errekondo, Antton Olariaga: “Landareak lantzen” 2018rako gida-liburua
Xabier Uribe Navarro: “Flores para el diablo: Miradas que lanzan amistad y amor”
Joxean Artzeren lana aztertzen duen argitalpena: “Hamaika euskal literato eta Jainkoa”
Jasone Osoro: “Eskularru beltzak” (Joseba Larratxaren ilustrazioak ditu)
“Pirritx, Porrotx eta Marimotots: antzinako zuhaitza” (Jose Luis Zumetaren ilustrazioak ditu)
“Alejandro Tapia”: bere lanen irudi bilduma eta biografia jasotzen duen argitalpena.
“Züek heben, Euskal Herriko atlas geopoetikoa”: Euskal Herriko 7 herrien berri ematen du. Aginagaren berri baita.