60.000 euro jokoan, Tripontzia Urteberriko Sarian

Noaua Aldizkaria 2017ko abe. 24a, 10:15

Poteo orduan nahiz egunotan antolatuko diren ekitaldietan, Usurbilgo Gure Esku Dago taldeko kideak ikusiko dituzue peto berde batzuekin kalean. Gure Esku Dago mugimenduak euskararen gizarte erakundeen Kontseiluarekin elkarlanean antolatu duen Tripontzia Urteberriko Sariaren Euskal Herri mailako zozketarako zenbakiak saltzen ariko dira. 5 euroren truke  60.000 irabazi ditzakezue urtarrilaren 15ean egingo den zozketan.

60.000 euroko sari nagusia zozketatuko dute egun horretan, baina horrekin batera baita 6.000 euroko beste zazpi sari, "saritutako zenbaki bereko gainontzeko zazpi serieentzat". Serieek Euskal Herriko herrialdeen izena daramate. "Euskal komunitatea bere osotasunean aintzat hartuta eta elkarren arteko loturak estutzeko asmoarekin, Euskal Herriko lurraldeak eta diasporak osatuko dute zenbaki bakoitzeko zortziko seriea", zehaztu dute ekimen honen sustatzaileek.

5 euroren truke gainera, zozketan parte hartu eta milaka euro irabazteko eskuratzeko aukeraz gain, txartelak "Jostunak; herritarren borondateak jositako istorio bat" dokumentala deskargatzeko aukera ematen du. "Gure Esku Dago herri dinamikaren sorrera eta mugimenduak emandako lehen urratsak kontatzen ditu pelikulak, Durango eta Iruñea eskuz esku batu zituen giza-katea abiapuntu hartuta eta Euskal Herriko zein nazioarteko pertsona erreferentzialen testigantzak tartekatuz. Erabakitzeko eskubidearen inguruko korapiloak askatzen ari garen jostunon kontakizuna da. Ikusi eta gozatu!", luzatu dute gonbita zozketaren antolatzaileek.

Erabakitzeko eskubidearen eta euskararen alde

Zozketarako bildutako laguntza "Gure Esku Dago eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua gizarte erakundeen jarduna finantzatzeko erabiliko da. Tripontzia-ko billeteak erosita erabakitzeko eskubidearen aldeko ekimenak eta Euskal Herrian euskararen normalizazioa bideratu zein bizkortzeko egitasmoak lagunduko dira".

Epe luzera begira antolaturiko ekimena dugu honakoa, "eta datozen urteetan eremu gehiagotan sustraitzeko helburua du Tripontziak; urtez urte, euskal herritar denon esparruetan errotuz joateko".

Gaineratu dutenez, "Tripontzia Urteberriko Sariak esparru anitzetako eragile eta dinamikekin bat egin eta norabide berean garatzeko proiektu bateratzailea eta irekia izan nahi du. Elkarrekin lanean, komunitate gisa zer egiteko gai garen erakusteko balio dezaketen proiektuak jarri nahi ditugu martxan eta Tripontzia zozketa horren adibide bat da".

Informazio gehiago: tripontzia.eus

https://youtu.be/HqQsEIjx9i4