Ohi den moduan, kantuan joango zaigu eguberri bezpera egun hau. Herri eragile desberdinek deitutako hitzorduok finkatu dira igande honetarako. Usurbilen, euskal preso eta iheslarien eskubideen alde Mari Domingi eta Olentzerorekin abenduaren 24an arratsalde partean egin ohi duten itzulia eguerdiko poteo ordura aurreratu dute aurtengoan. Bestalde, Parrokiak antolatu ohi duen kalejira ordu erdi atzeratu dute aurtengoan. 17:50 aldera irtengo dira Santuenean. Eta berrikuntza bat ere bada; Olentzeroren irudia eta abenduaren 24ko ospakizuna indartzearen aldeko apustua egin asmo duen ekimen berria. Olentzero bizidun bat helduko da idi-gurdi batean Haranetik 18:00etan Haur Eskola eta Ugarte baserri parera, Kalezarrera.
Handik musika, bertsoak, txalaparta... uztartuko dituen kalejira antolatu da Dema plazaraino. Suaren istorioa azalduko digute helmugan. Dema plazan bertan, igande arratsaldez Olentzeroren lagunei gutunak helarazteko aukera egongo da. Olentzero kalejiran Dema plazara heldutakoan jasoko ditu.
Segidan duzue hitzordu guztion berri::
Abenduak 24, igandea
12:00 Olentzero eta Mari Domingi euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko herri itzulia frontoitik.
Antolatzailea: Usurbilen Nahi Ditugu.
17:00etatik aurrera, Olentzeroren lagunek berarentzako gutunak bilduko dituzte Dema plazan.
17:30 Gabon kanta jira Parrokia aurretik.
Antolatzailea: Usurbilgo Salbatore Parrokia.
17:50 Olentzeroa Santuenea Elkartetik.
Antolatzaileak: Santuenea Elkartea eta gurasoak.
18:00 Haranetik idi gurdian helduko da Olentzero Ugarte baserri parera. Handik Dema plazarako bidea kantuan, Olatz Kortak gidatuko duen kalejiran. Bidean zehar Bordatxo edota Sutegi inguruetan, adar joleak, txalapartariak, bertsoak… Dema plazan, suaren istorioa, gaztain jana eta Olentzeroren gutun bilketa.
Antolatzailea: herritar eta eragile talde bat.