Xua, Olatz eta Patxiren etxeratzea eskatu dute gabonetako kantu-jira berezian

Noaua Aldizkaria 2017ko abe. 24a, 15:12

Kalejira buruan zeramaten pankartaren eta haurrek eskutan zituzten globoen bidez, aldarri argia zabaldu dute kalejiran lau haizeetara; herrian falta direla eta Usurbilen nahi dituztela Xua, Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga. Gugandik eta haien sorterritik ia 600 kilometrora, Valentziako Picassent espetxean segitzen dute preso. Kaxkoa zeharkatu duten kalejiran gogoan izan dituzte eta kantu bidez ere haien etxeratzea eskatu dute. 

Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak antolaturiko ekimenean aldarriok modu alai askoan kaleratu dituzte. Mari Domingi eta Olentzero trebe asko aritu dira, festa giroa suspertzen. Dantzan, eta eskuzabaltasun handienez, gozokiak banatzen.

Irudiotan bildu dugu, euskal presoen eskubideen alde ospatu den gabonetako kalejira jendetsua. Adi, datozen asteotarako deialdi gehiago iragarri baitira. Hemen dituzuen hitzorduok:

EUSKAL PRESOEN ESKUBIDEEN ALDEKO HURRENGO EKIMENAK

Abenduak 28, osteguna

19:30 “Pasaiako badia” dokumental proiekzioa Sutegiko auditorioan. Sarrera: doan.

“1984. Polizia Nazionalak Rosa Jimeno ilegalki atxilotu eta torturatu ostean, iparraldeko Komando Autonomo Antikapitalistetako kideekin zita bat jartzera behartu du. Pasaiako badiako harkaitzetan hanketatik soka batekin lotuta dute Jimeno. Seinalea egitean iparraldetik datorren zodiaka gerturatu da. Sekulako tiro zaparrada hasi da. Joseba Merinok azalduko duenez, Pedro Mari Isart eta Jose Mari Izura lehen tirokaldian hilko dira. Bera, Rafael Delas eta Dionisio Aizpuru atxilotu ditu ondoren poliziak. Delas eta Aizpuru harkaitzetan bertan fusilatu dituzte. Gorpuei 113 bala zulo zenbatu dizkie Pako Etxeberria forenseak. Bertsio ofizialak enfrentamendu bat egon dela dio. 2016. Donostiako Auzitegi Probintzialak, hilketa zantzuak daudela aitortu arren, kasua behin betirako artxibatu du. Ezin izan dituztela delituaren egileak identifikatu. Senideek Estrasburgora jotzeko asmoa adierazi dute. 32 urte pasa dira gertakari latz haietatik, baina oraindik kasuak argitu gabe jarraitzen du. Dokumental honekin Pasaiako gertaerak gizarteratu eta badian argi izpi bat piztu nahi da”.

Antolatzailea: herritar talde bat.

Abenduak 30, larunbata

19:30 "Egia bide, askatasuna amets" ekitaldia frontoian.

Abenduak 31, igandea

20:00 Urte berriari preso eta iheslarien egoera konpontzea eskatzeko topa berezia Dema plazan.

Deitzailea: Usurbilen Nahi Ditugu.

Urtarrilak 13, larunbata

17:30 “Elkarrekin aurrera egiteko prest gaude” aldarripean, euskal presoak euskal herriratzea eskatzeko manifestazioa Bilboko Kasillatik. Mobilizazioarekin bat egin du Usurbilen Nahi Dituguk. Autobus zerbitzua izango da Usurbildik. Izen ematea aurrez, ohiko tokietan.

Antolatzailea: Sare mugimendua.

OLYMPUS DIGITAL CAMERA