2018ak ikastaro berriak dakartza

Noaua Aldizkaria 2017ko abe. 27a, 08:30

Urte berriak ikastaro gehiago dakartza Usurbila. Segidan dituzuenak momentuz, urtarriletik aurrera antolatu direnak.

Emakumeentzako ahalduntze ikastaro berria

Emozioak hizpide nagusi dituen emakumeei zuzendutako doako ahalduntze ikastaro berria urtarrilaren 11tik martxoaren 22ra arte, ostegunero 17:00-19:00 artean, Bake Epaitegi atzeko lokalean. Pepa Bojo psikologoak bideratuko du saioa.

Izena aurrez eman beharko da, urtarrilaren 8a baino lehen, bideotatik: Usurbilgo Udaleko Parekidetasun Sailean, parekidetasuna@usurbil.eus helbidera idatzita edo 943 377 110 telefono zenbakira deituta. “Lehentasuna, izen emandako hurrenkeraren arabera” finkatuko dela ohartarazi du antolakuntzak.

Psikomotrizitate ikastaroa Aginagan

Urtarrilaren 11n hasi eta martxoaren 22ra arte luzatuko da ikastaroa. San Praixku Guraso Elkartearen ekimena izan da eta bi talde aurreikusi dira: "HH 2-3 mailakoak ostegunetan batuko dira 17:00etatik 18:00etara eta HH 4-5 mailakoak ostegunetan 18:00etatik 19:00etara. Munia Larburu psikomotrizistak zuzenduko ditu saioak. Hiruhileko osoak 60 euroko kostea izango du bazkide ez direnentzat eta bazkideentzat, berriz, 45 euro".

Informazio gehiago jaso edo apuntatu nahi izanez gero, deitu telefono zenbaki honetara: 636 531 650 (Ana).

Kantu Taldea, ikasturte berriaren atarian

Ikasturte berria, hamargarrena abiatuko du Kantu Taldeak 2018a hastearekin batera. Urtarrilaren 8an izango da, bai, astelehenez. Udazkenaz geroztik entseguetarako hitzordu berria baitu Kantu Taldeak. Astelehenero biltzen dira, 18:00-19:00 artean, Udarregi Ikastolako Agerialdeko musika gelan. 

2018ko lehen kantu-jira berriz, urtarrilaren 27rako iragarri dute, baina eguerdiz, 12:00-14:00 artean, Mikel Laboa plazatik abiatuta.

KzGunera datozen ikastaroak

Abenduan goizez (09:00-13:00) eta urtarrilaren 2tik aurrera arratsaldez (16:00-20:00) egongo da zabalik Usurbilgo KzGunea. Ikastarook aurreikusi dituzte asteotarako:

-Abenduak 26-29, 09:00-11:00 “Facebook. Erabiltzaile gehien dituen sare soziala”.

-Urtarrilak 2-16, 16:00-18:00 “Ofimatika tresnak-LibreOffice”.

-Urtarrilak 4, 18:00-20:00 “Google Maps. Ibilbiderik onena arakatu eta aukeratu”.

-Urtarrilak 17-26, 16:00-18:00 “Argazki ukitua GIMP erabiliz”.

-Urtarrilak 29-30, 16:00-18:00 "Argazkiak. Zure argazki guztiak antolatu edozein gailutik".

-Urtarrilak 29-30, 18:00-20:00 "Instagram".

-Urtarrilak 31, 16:00-18:00 "Ordainketak Interneten segurtasunez".

Informazio gehiago:

Kale Nagusia, 37

943 023 684

tutor.usurbil@kzgunea.net

Etumeta AEK euskaltegia

Urrian hasi zuten 2017-18 ikasturtea, baina zabalik segitzen du matrikulazio epeak Etumeta AEK euskaltegian. Euskara ikasteko maila guztiak, Mintzalagun, autoikaskuntza… Aukera zabala beraz.

Informazio gehiago:

Nagusia, 43

607 609 379

usurbil@aek.eus

aek.eus

muntteri.blogspot.com.es