Usurbilgo Ernai gazte erakundeak antolatutako 3. Gazte Topaketak abian dira. Ostegun honetan, Kataluniako prozesuaz hitz egitera etorri dira Kataluniako Arran Gazte Erakundeko kideak. Errekaleor izango dute hizpide nagusi arratsaldean.
2015az geroztik egin bezala, 3. Gazte Topaketak antolatu ditu Usurbilgo Ernai gazte erakundeak abenduaren 27tik 29ra. Oparo dator hirugarren edizioa. Antolatzaileek prest dute topaketon egitarau eta kartela. Hezkuntza, feminismoa, Herrialde Katalanetako prozesua, Errekaleor edota Usurbilgo gazte mugimenduari buruz hausnartuko dute. Baina aisialdirako tarterik ere hartuko dute, musika edota jan edanaren bueltan.
“Egungo gizarte eredu hegemonikoaren aurka gazte usurbildarrok biltzen garen hirugarren urtea da honakoa. Garunak irauli, ideiak askatu, esperientzia berriak ezagutu eta elkarrengandik ikasteko baliatzen ditugu topaketak. Askotan esan ohi dugu herri eredu justu, demokratiko, parekide eta euskalduna eraiki ahal izateko ezinbestekoa dela gure buruen jabe izatea. Nola egin hori praktikan, ordea? Helburu hori erdiesteko tresnak eskaintzen dizkigute gazte topaketek. Horregatik, aurten, egitarau oparoa osatu dugu Usurbilgo, Euskal Herriko zein eremu internazionaleko errealitateak gurera ekarriz eta baita gai anitz eta ezberdinak ukituz ere”.
3. GAZTE TOPAKETAK
Abenduak 28, osteguna
11:00 Hitzaldia Potxoenean: Herrialde Katalanetako Procés-aren gakoak, Arran-eko ordezkaritzaren eskutik.
17:00 Hitzaldia Aitzagan: "Errekaleor ezagutzen, etxebizitza eredua".
19:30 "Pasaiako Badia" dokumentalaren proiekzioa Sutegin.
22:00 Peputz bakarlaria (Hernanitik) Aitzagan.
Abenduak 29, ostirala
18:00 Mahai-ingurua Aitzagan: "Usurbilgo Gazte Mugimenduaren bilakaera. Itaya eta gero zer?".
21:00 Afari-tertulia herriko preso ohiekin Aitzagan eta eskutitz bidalketa Olatz, Patxi eta Xuari.
Antolatzailea: Usurbilgo Ernai.