Gerturatzen ari da Ugartondoko egungo eraikinak eraisteko eguna. Jaureguizar S.L. enpresak jada lanok bideratzeko baimena eskatu duela berri eman du Uraren Euskal Agentziak. Gogoan izan, bertan hainbat etxebizitza eraikiko direla. Tartean, Usurbilgo Udalak urtarrilaren 25ean (18:00etan Oiardo Kiroldegian) zozketatuko dituen babes ofizialeko 46 etxebizitza eta 46 etxebizitza tasatu.
Uraren Euskal Agentziak ostegun honetako (abenduak 28) Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitara eman duen iragarkian irakur daitekeenez, "Jaureguizar S.L.(e)k baimena eskatu du hau egiteko: Usurbilgo (Gipuzkoa) Udalerrian, Puntapax errekastoaren ezker ertzeko uren polizi gunean, Ugartondo poligonoko eraikin industrialak eraisteko lanak. Lanak, Usurbilgo udalerriko Ugarte auzoan gero hiritartzea garatzeko, Puntapax errekastoaren ezker ertzeko uren polizi gunean kokatutako eraikin industrialak eta ertz bereko uren zortasun gunea inbadituz aurkitzen den eraikin bat eraistean datza".
Bihartik, hau da, abenduaren 29tik aurrera, "obra horiek kalteak eragiten dizkietela irizten dutenek" erreklamazioak egiteko 23 egun balioduneko epea izango dute eta gai honi lotutako informazioa ere eskuragarri, Uraren Euskal Agentziaren egoitzan (Intxaurrondo, 70-1., 20015 Donostia).
Ugartondoko etxebizitzen zozketa, urtarrilaren 25ean
Onarturiko eta bazterturiko eskaeren behin behineko zerrenden erreklamazioei erantzun eta behin betiko zerrendak onartu ostean, Ugartondoko etxebizitzen zozketarako eguna finkatua du Usurbilgo Udalak; urtarrilaren 25ean zozketatuko dituzte, arratsaldeko 18:00etan Oiardo Kiroldegian hasiko den jendaurreko ekitaldi publikoan.
Egun horretan guztira 92 etxebizitza esleituko dira; babes ofizialeko 46 etxebizitza, beste 46 tasaturekin batera, bakoitza bere garaje eta trastelekuarekin. “Babes ofizialeko etxebizitzetan bi logelako 20 etxebizitza (horietako bi ezinduentzat egokituak) eraikiko dira, eta hiru logelako 26 etxebizitza. Tasatutakoetan ere, beste horrenbeste”, ohartarazi du Udalak.
Etxebizitza hauetako bat eskuratu nahi zuenak kupo bakarrean eman zezakeen izena. Gizarte sektore ezberdinei zuzenduak zeuden kupoetan izena eman eta zozketa egunean “kupo horiei dagozkien etxebizitzarik tokatuko ez balitzaioke, zerrenda orokorreko zozketan beste aukera bat izango luke” argitu dute Udaletik.
ZENBAKITAN
Datu orokorrak
Guztira eraikiko diren babes ofizialeko etxebizitzak eta etxebizitza tasatuak: 92.
Herritarrek aurkezturiko eskaerak: 157.
Babes ofizialeko etxebizitzen eta etxebizitza tasatuen banaketa:
-Ezinduentzako 2 etxebizitza.
-70 urte edo gehiagokoentzako 4 etxebizitza.
-Babes bereziko gizarte-sektoreentzako (haien kargura adin txikikoak dituzten guraso bakarreko bizikidetza unitateak, indarkeria matxistaren biktimak, bananduak, dibortziatuak eta alargunak, eta ezintasun psikikoa dutenak) 5 etxebizitza.
-35 urte beherakoentzako 10 etxebizitza.
-Aipatutako kupoen baitan ez dauden gizarte sektoreentzako 25 etxebizitza.
Babes ofizialeko etxebizitzak
Eraikiko diren babes ofizialeko etxebizitzak: 46.
Herritarrek eginiko eskaerak: 110.
Onarturiko eskaerak: 89.
35 urtetik beherakoei zuzenduriko etxebizitzak: 10. Eskatzaileak: 59.
Babes bereziko gizarte-sektoreentzako etxebizitzak: 5. Eskatzaileak: 8.
Zerrenda orokorra: 25. Eskatzaileak: 22.
Etxebizitza tasatuak
Eraikiko diren etxebizitza tasatuak: 46.
Herritarrek eginiko eskaerak: 47.
Onarturiko eskaerak: 28.
35 urtetik beherakoentzako etxebizitzak: 10. Eskatzaileak: 15.
Babes bereziko gizarte-sektoreentzako etxebizitzak: 5. Eskatzaileak: 2.
Zerrenda orokorra: 25. Eskatzaileak: 11.
ZOZKETA
Eguna: urtarrilak 25, osteguna.
Ordua: 18:00.
Tokia: Oiardo Kiroldegia.
Antolatzailea: Usurbilgo Udala.