Zubietako erraustegiaren ondoan, tratamendu planta gehiago eraikitzeko lanen bigarren fasea abiatu du GHK-k

Noaua Aldizkaria 2017ko abe. 28a, 11:59

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) asteartean (abenduak 26) eginiko batzarrean, erraustegiko lanen bigarren fasea abiatzea erabaki zuen. Bigarren fase honetan, biometanizazio planta bat eta "zepen zahartzapen planta" eraikiko dituzte Zubieta gainean, erraustegiaren eta tratamendu mekaniko biologiko planta altxatzen ari diren gunearen ondoan, "31.988 m2-ko partzela bat hartuz, lehen gunetik 300 metro eskasetara. Bigarren faserako aurreikusten den inbertsioa 37 milioi euro ingurukoa da".

GHK-k hartu berri duen erabakiarekin "oniritzia eman zaio,  bai egin den azterlanari, bai kontratazio espedienteari, eta aurreikusten da obra publikoaren emakidaren formulaz esleitzean Gipuzkoako Ingurumen Gunearen 2. fasea diseinatzeko, eraikitzeko, finantzatzeko, ustiatzeko eta mantentzeko kontratua". 

6 milioi euro urtero eraikitzaileentzat

37,4 milioi euroko inbertsioa egin beharko du proiektu hau gauzatu nahi duen enpresak. "Gunearen bigarren fasea martxan dagoenean, kontratistak 6 milioi jasoko ditu urtean (urteko gehieneko kuota), zenbateko hau egindako inbertsioarengatik eta instalazioaren kudeaketarengatik izango da 20 urte bitartean (eraikuntza aldia barne hartuta). Kontsortzioak abiaraztea onartzen duenean hasiko da kanona ordaintzen", adierazi dute GHK-tik.

Orain, lanok bideratzeko esleipenean interesa duten enpresek eskaintzak aurkezteko 60 eguneko epea izango dute. Abian diren egungo lanekin batera gauzatuko dira bigarren faseko obrak, datorren 2018ko apiriletik aurrera. Urtebetez luzatuko dira. Foru Aldundiak aurreikusten duenez, udal eta foru hauteskundeak ospatuko liratekeen 2019ko maiatzean, "ustiatzen hasteko modua izango dela aurreikusten da". Azpiegitura hauekin, 2015-19 legegintzaldi amaierarako hondakinen kudeaketarekin dugun arazoa konpondutzat ematen du Aldundiak eta "horrela, beteta geratuko da herritarrekin hartutako konpromisoa. Erabaki honek, hondakinen kudeaketaren arloan, Europako herrialde aurreratuenen abangoardian jartzen gaitu".

2018rako aurrekontua ere onartu dute

Asanblada berean 2018rako aurrekontua onartu zuen GHK-k. Honatx Kontsortzioak plazaratu dituen zenbakiak:

-Guztira: 40.559.161 euro.

-"Kontsortzioaren 2018ko aurrekontuetan, Gipuzkoako Foru Aldundiak egingo duen ekarpena jasota dago, baita ere, guztira 6 milioi eurokoa izango dena".

-2018ko tarifetan igoerarik ez: 173 eurokoa errefus tona bakoitzeko eta 129koa bio-hondakin tona bakoitzeko.

-Bio-hondakinen gaikako bilketa sustatzeko, %15-%35 arteko tarifa hobari mailakatua ezarriko dute.

-Kudeaketa aurreikuspenak: 39.000 tona bio-hondakin (%8,33 gehiago), 160.000 tona erreus zabortegira eta Legazpiko ontzi sailkapeneko plantatik 4.500 tona birziklatzera.

Irudia eta bideoa: GHK.