2018rako Ordenantza Fiskalak, behin betiko onartuak

Noaua Aldizkaria 2017ko abe. 28a, 09:55

Epearen baitan, inork erreklamaziorik aurkeztu ez duenez, behin betiko onartu ditu Usurbilgo Udalak urtarrilaren 1etik aurrera indarrean izango diren 2018rako zerga, tasa, prezio publiko, kontribuzio berezi eta zerga kudeaketaren ordenan­tza fiskalak. Abenduaren 26ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean sartuta dituzue ordenantzon kopuruen gaineko xehetasunak.

Akats zuzenketak

Urriaren 31n hasieraz onartu zituen udalbatzak 2018rako zerga ordenantzak. Usurbilgo Udalak azaroaren 6ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean iragarri zuen hartutako erabakia, eta biharamunean, jada ixtear den 30 lan eguneko alegazio epea ireki zuten. Tarte honetan, ordenantzak akats txiki batzuk zituela ohartu eta horiek zuzentzea onartu zuen udalbatzak gehiengo osoz (EHBildu eta PSE alde, EAJ abstentzioa) abenduaren 19an egin zuen osoko bilkuran. 

%3ko igoera, 2018ko zerga ordenantzetan

Azken 3 urteetan bere horretan mantendu ostean, 2018ko udal zerga ordenantzetan %3ko igoera orokorra aplikatzea erabaki zuen hasieraz udalbatzak gehiengo osoz, urriaren 31ko osoko bilkuran. Udal gobernu taldetik zerbitzu publikoak eskaintzeko nahikotasun finantzarioa lortzea ezinbestekotzat jotzen dute, eta testuinguru horretan kokatzen dute %3ko igoera. “Herritarren oinarrizko eskubide sozial eta ekonomikoak bermatzea izango da helburu nagusia, horretarako progresibitatean eta ekitatean oinarritutako ordenantza onartu da. Hobariak, laguntzak, zein zerga ordainketa atzerapenak eskainiko dizkiegu baldintza ekonomikorik okerrenetan bizi diren herritarrei”, iragarri dute.

%3ko igoera orokor horretatik salbuetsita geratuko dira hainbat zerga. Esaterako, eraikuntzen gainekoak, udal zergen %50a biltzen dute. Hondakinen sortzez besteko ordainketa sistema litzateke beste salbuespena, Foru Aldundiak zehazten duen etxez etxeko zerbitzuko eta Eguneko Zentroko prezioak… Beste hainbat zerga bere horretan mantenduko dituzte.

Hasieraz onartu zituen udalbatzak 2018rako zerga-ordenantzok eta egutegi fiskala urriaren 31ko osoko bilkuran, EHBilduko ordezkarien aldeko bozkekin. PSE eta EAJ abstenitu ziren.