Urtea agurtzeko, 8. Hurbilago San Silvestre lasterketa eta Hurbilagoren Gabonetako Zozketa

Noaua Aldizkaria 2017ko abe. 29a, 06:40

2017a ere lasterka batean amaitu nahi baduzue, 8. Hurbilago San Silvestre Herri Lasterketa ospatuko da gaur. 17:00etan abiatuko dira parte hartzaileak Mikel Laboa plazatik. Bi itzuli emango dizkiote, herri erdigunean kokaturiko eremu komertzialari. Hitzordurako aurrez doan eman dezakezue izena, Hurbilagoren saltokietan.

Gabonetako zozketa, lasterketa amaieran

Asteotan Hurbilago Elkarteko saltokietan erosketak egin badituzue, adi, saria jaso baitezakezue abenduaren 31ko 8. Hurbilago San Silvestre Herri Lasterketa amaieran. Ekimen honen amaieran Hurbilagoren Gabonetako Zozketa ospatuko da, Hurbilagoren saltokietan erosketak egin ohi dituzuenon artean; 50 euroko 25 bale eta Saizar Sagardotegian dastatzeko 2 lagunentzako 4 afari. 

Zozketan parte hartzeko Hurbilagoren saltokietan erosketak egin. Trukean jasoko dituzuen txartelak zuen datu pertsonalekin bete eta saltokietan bertan egongo diren kaxetan utzi. Zorte on!

Izotz pista egunero zabalik

Urtarrilaren 7ra arte zabalik egongo da Hurbilagoren izotz pista Askatasuna plazan. Ia egunero goiz eta arratsaldez, eta zenbait egunetan baita gauez ere.

Izotz pista baliatzeko sarrerak 1,5 eurotan eskura ditzakezue aurrez Hurbilago Elkarteko saltokietan. Izotz pistan bertan, 3 eurotan. Pista ondoan jarri duten etxolan jaso behar dira patinak, eta ondoan egokitu dute patinak jantzi eta eranzteko gunea. Honez gain, bolatokian kafetegi zerbitzua antolatu du Hurbilago Elkarteak.

Izotz pistaren ordutegiak:

-Abenduak 31: 12:00-14:00 / 18:00-20:00.

-Urtarrilak 1: 11:00-14:00 / 17:00-20:00.

-Urtarrilak 2: 11:00-13:00 / 17:00-20:00.

-Urtarrilak 3: 11:00-13:00 / 17:00-20:00.

-Urtarrilak 4: 11:00-13:00 / 17:00-20:00.

-Urtarrilak 5: 11:00-13:00 / 20:00-23:00.

-Urtarrilak 6: 11:00-14:00 / 17:00-20:00 / 21:00-23:00.

-Urtarrilak 7: 11:00-14:00 / 17:00-20:00.

Aros DJ-a frontoian

Hurbilago Elkarteak Askatasuna plazan antolaturiko izotz pistak aldaketaren bat ere ekarriko du. Azken urteotan plaza horretan urtezahar gaueko parranda girotu izan duen Aros DJ-aren emanaldia, frontoira lekuz aldatuko du aurten Usurbilgo Udalak. Ohi bezala, urtarrilaren 1ean goizaldeko 01:00etan dantza batean jarriko ditu urte berriari ongi etorria ematera irtengo diren gautxoriak.