Haize bolada artean emango diogu ongi etorria urte berriari. Adi ibili beraz. Bart gauerditik igande arratsalde honetako 15:00ak arte indarrean izandako abisu horia berriz aktibatuko du Eusko Jaurlaritako Segurtasun Sailak 2018an sartuko garen une horretan, gauerdi honetan beraz. Gauean zehar haize ufadak geroz eta gogorragoak izango dira. Horregatik alerta laranjan izango gara goizaldeko 6:00etatik aurrera:
Urtarrilak 1, astelehena
00:00-06:00 Abisu horia haizeagatik haizeguneetan: "Mendebal/hego-mendebaldeko haize boladek 100 km/h-ko abiadura gaindi dezakete, bereziki mendebaldeko mendi inguruetan".
06:00-18:00 Alerta laranja haizeagatik haizeguneetan. "Goizean mendebal/hego-mendebaldeko haize boladek 120 km/h-ko abiadura gaindi dezakete, bereziki mendebaldeko mendi inguruetan. Egunaren erdiko orduetan eta arratsaldean, mendebal/ipar-mendebaldeko haize boladek 120 km/h-ko abiadura gaindi dezakete, bereziki kostaldean".
06:00-18:00 Abisu horia haizeagatik haizeguneak ez diren tokietan: "Mendebal-osagaiko haize boladek 80 km/h-ko abiadura gaindi dezakete".
18:00-24:00 Abisu horia haizeagatik haizeguneetan: "Mendebal/ipar-mendebaldeko haize boladek 100 km/h-ko abiadura gaindi dezakete, bereziki kostaldean".
DATOZEN EGUNOTARAKO IRAGARPENA
Abenduak 31, igandea
"Fronte bat espero dugu eguerdi partean, baina oso bizkor pasatuko da. Goizean azpimarragarriena hego-mendebaldeko haize zakarra izango da. Giroa berriz, epela eta zeruan hodeiak eta urdinguneak. Hala ere, orduak pasa ahala lainotzera egingo du, haizeak mendebal/ipar-mendebaldera egingo du eta eguerdi partean euritara joko du. Arratsaldean zaparradak botako ditu eta noizean behin baliteke trumoiak jo eta txingorra ere egitea, baina hiruzpalau orduko kontua izango da. Elur-kota oso bizkor jaitsiko da 1000-1200 m-ra. Gauean, gauerdi inguruan atertzera egingo du, baina orduan tenperatura nabarmen jaitsiko da eta eguneko minimoak gauean neurtuko dira, azken orduetan".
Urtarrilak 1, astelehena
"Urtea giro hotzarekin eta haizetsuarekin hasiko dugu. Goizean hodeiak eta ostarteak izango ditugu, baina egunak aurrera egin ahala lainotzera egingo du, eta arratsaldean eta gauean beste fronte batek euria ekarriko digu. Mendebaldeko haizea izango dugu hizpide egun osoan, izan ere oso zakar ibiliko da, bai haizeguneetan eta baita gainerako txoko guztietan ere. Egunaren lehen partean hego-mendebaldekoa nagusituko da eta bigarrenean mendebal/ipar-mendebaldekoa. Tenperatura jaitsi egingo da, bai maximoak bai minimoak, eta goizaldeko ordu txikitan izotza egin dezake Arabako eta Nafarroako zenbait lekutan".
Urtarrilak 2, asteartea
"Asteartean hodeitsu egongo da eta euri pixka bat espero dugu. Euri gehien goizaldean eta goizeko lehen orduetan egingo du. Gainerako orduetan oso gutxi, han-hemenka zaparrada txiki batzuk besterik ez. Hego-mendebaldeko haizea ibiliko da, bolada gogorrekin haize-lekuetan. Tenperatura minimoak igo egingo dira, baina maximoetan ez dugu aldaketarik espero".
Informazio eguneratua: euskalmet.eus