Hobekuntza urtea 2018a, Oiardo Kiroldegiarentzat

Noaua Aldizkaria 2018ko urt. 2a, 12:00

30 urte betetzear ditu Oiardo Kiroldegia albiste izango da urte berri honetan. Instalakuntzak zaharkitu direla eta espazio falta ere badela ikusirik, irisgarritasuna bermatu, eta Kiroldegi inklusibo bat izateko bidean, inbertsio garrantzitsua egingo du Udalak 2018an bertan.

Udazkenean berri eman genizuen moduan, igerileku txikia irisgarri bihurtu eta handitu egingo du Udalak, egungo Kiroldegi sarrera alderantz. Bide batez, igerileku azpiko instalakuntza ere berrituko da. 580.000 euro bideratuko dira lanotara. Egitasmoa diruz lagunduko du Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Konpentsazioa, obren eraginagatik

Obra guztiek bezala, eraberritze eta handitze lanok ere igerilekuaren erabilera baldintzatuko dute. Udaletik erabiltzaileei gutun bidez ohartarazi zaienez, “igerilekuko eremu osoa itxi egin beharko da uztailetik abendura bitarte (biak barne). Alabaina, aurten abonatuekin hartu ditugun konpromisoak betetzeko moduan izango gara, eta lanek ez dute eraginik izango aurtengo ikastaroetan (2017-18)”.

Bai ordea hurrengo udazken parteko ikastaroetan. Horregatik, “lanek Kiroldegiaren erabilera mugatuko dutenez, uztaila eta abendua bitarteko hilabeteak barne dituzten abonu motei, %20ko konpentsazioa aplikatzea erabaki du Udalak. Bestalde, gogorarazi nahi dizugu urtarriletik ekainera arteko abonua ere egin dezakezula”, ohartarazten zaie erabiltzaileei. Lanek iraun artean, Oiardo Kiroldegiko txartelarekin Andoain, Lasarte-Oria eta Urnietako kirol instalakuntzak balia daitezke. Gai honi buruzko xehetasun gehiago, aurrerago jakinaraziko dituela iragarri dute Udaletik.

Itxierak

Ohi bezala, urteko zenbait egunetan itxita egongo da Oiardo Kiroldegia. Bada ordea aldaketa garrantzitsu bat; abuztuan egun gehiagotan egongo da zabalik Kiroldegia, hilabete horretako bigarren hamabostadi osoan hain zuzen. Egunotan itxiko da:

-Arratsaldez: martxoaren 29an eta 30ean, apirilaren 2an, maiatzaren 1ean, uztailaren 25ean eta 31n, urriaren 12an eta azaroaren 1ean.

-Egun osoz: uztailaren 2an, abuztuaren 1etik 15era, abenduaren 3an, 24ean, 25ean eta 31n.

Ordutegiak

Bi ordutegi ezberdin izaten ditu indarrean Oiardo Kiroldegiak urtean zehar. Bat uda partean, bestea gainerako hilabeteetan:

-Urtarrila-ekaina/iraila-abendua:

Lan egunetan: 7:00-12:30/14:30-22:00 (igerilekuaren itxiera: 12:15/21:00).

Larunbatetan: 9:00-21:30 (igerilekuaren itxiera: 21:00).

Igande eta jai egunetan: 9:00-13:30 (igerilekuaren itxiera: 13:00).

-Uztaila eta abuztua:

Lan egunetan: 7:00-13:00/17:00-20:15 (igerilekuaren itxiera: 12:45/20:00).

Larunbatetan: 9:00-13:00 (igerilekuaren itxiera: 12:45).

Igande eta jai egunetan: 9:00-13:00 (igerilekuaren itxiera: 12:45).

Urteko bazkidetzak

Kiroldegiko erabiltzaileek prezio ezberdinak ordaindu behar izaten dituzte, abonu motaren eta iraupenaren arabera. Abonu familiarra dago, 18 urtetik beherakoentzat eta gorakoentzat beste abonu mota bana. Abonuok norberaren udalerrian tramitatu behar dira.

Sarrerak

Kiroldegia baliatzeko sarrerak eskuragarri egoten dira, prezio hauetan:

-18 urtez gorakoak: 6,10 euro.

-18 urtez beherakoak: 3,80 euro.

Informazio gehiago:

943 372 498

kirola@usurbil.eus

kirolak.buruntzaldea.eus