Giro euritsua tarteko, ez zen beste edizioetako bezainbesteko jendetzarik, baina usurbildarrek beste behin, negu giroari aurpegi ezin ederragoa erakutsi diote. Kolorea eta umore onik ez da falta izan zortzigarrenez, herri ostalaritza eta merkataritza suspertzearen alde abenduaren 31 honetan ospatu den Hurbilago San Silvestre Herri Lasterketan.
Bizi asko agurtu nahi izan dute 2017a usurbildarrek, Kaxkoari bi itzuli emanez. Adin guztietako herritarrak ikusi ditugu, kalea hartu eta korrikan euritan gozatzen. Hasieratik amaierara, irribarrea galdu gabe.
Hurbilago Elkarteak antolatu duen ekimena, Usurbilgo Udalak eta Eusko Jaurlaritzak babestu dute. Bidean zaintza lanetan izan dira udaltzainekin batera bolondres, Orbeldi Dantza Taldeko kideak. Frontoitik hasi eta bertan amaitu dute lasterketa. Ezinbesteko aterpean bilakatu da aurten pilotalekua lasterkarientzat.