Hilerri zaharra itxiko zuela iragarri zuenean, Udalak epe bat eman zuen. Orain, senideek erreklamatu ez dituzten gorpuzkien errautsak hilerri berriko Errautsen Parkera eramango dituzte. Aurrerantzean ere, funtzio hori bera beteko du gorpua erraustu eta errautsak han utzi nahi dituenarentzat. Modu anonimoan utziko dira bertan. “Espazioaren izaera ez baita indibiduala izango, konpartitua baizik”, Xabier Arregi alkateak aditzera eman zuenez.
Errautsen Parkea duela hiru aste inauguratu zen. “Eredu berri bat da. Lehendik ezagutzen ditugun ereduekin alderatuta, heriotzaren ondorengoa ulertzeko beste modu bat da hau”, halaxe azaldu zuen alkateak. Espazio honek heriotza eta lutua bizitzeko aukera berri bat ekarriko duela uste du. “Espazio hau izan dadila hausnarketarako, bizitzaren eta heriotzaren zentzuaz hitz egiteko, nork bere sinesmenetik, askatasun osoz”. Zentzu horretan, planteamenduak badu berrikuntzatik.
Bakarra inguruan
Inguruko herrietan ez da tankera honetako gunerik. “Iruditzen zait oso interesgarria dela espazio bat konpartitzea. Sinesmen, ikuskera eta mundua ulertzeko modu ezberdinen gainetik, denok batera”, Xabier Arregik inaugurazio ekitaldian egin zituen adierazpenok.
Zorua, lauburu formakoa
Luciano Pagaegi arkitektoaren esanetan, hauxe zen hilerri berriak behar zuen errematea. Arkitekturatik baino eskulturatik gehiago duela aipatu zuen. Frontoi itxurakoa, diedroen bidez zulatua dago ezker pareta: “bizitzatik heriotzera eta hilerri zaharretik berrira igarotzeko pasabidea, hori da irudikatu nahi duena”, Luciano Pagaegi arkitektoak azaldu zuenez. Zoruari aldiz, lauburu baten forma eman zaio. Bertan utziko dira errautsak. Eta zoruaren erdian, bi hegalen itxura duen eskultura bat dago. “Harrien artean egongo dira errautsak baina arimak bertatik aterako dira hegan”.
Ekitaldia ez zen azalpenetara mugatu. Orbeldi eta Zumarteko kideek girotu zuten inaugurazioa. Yolanda Arrietak, azkenik, heriotzari lotutako pasarte literarioak ekarri zituen gogora.