Joxe Azurmendi Aizpuru, Aginaga egurrean irudikatu duen sortzailea

Noaua Aldizkaria 2018ko urt. 3a, 09:49

Jesus, garai hura!, hasperen eginez oroitu dizkigu bere bizitzako hainbat pasarte, etxean hartu gaituen Joxe Azurmendi Aizpuruk. Arrate Elkarteak urtero 80 zein 90 urte betetzen dituzten aginagarrak omentzen ditu. Aurten Joxe bera dago, omenduen artean. Ondo merezitako errekonozimendua jaso du zortzi hamarkada bete dituen “Naigenduena” etxeko semeak, besteak beste, utzi digun ondareagatik.

Garai bateko Aginaga, landa eremuko bizimodua, bizimodu horretan baliatzen ziren lanabesak “erretratatuak” utzi dizkigu egurrean, nondik gatozen, izan garenaz ahaztu ez gaitezen. 

Lanabes apartak izan ditu bidelagun; bere bi eskuak. Gaztetatik omen datorkio egurra lantzeko trebetasuna. Abilezia handia erakutsi du zalantzarik gabe. 

Garai batean ukuilua zuten gunea, hustu eta bere sormen gunean bihurtu zuen. Michelingo eta baserriko lanek uzten zieten denbora tarte librean gustuko zuen beretzat egokitua zuen txoko hartara gerturatu eta egurra lantzea. Ilusioa aipatu digu behin eta berriz, ilusio handiz egin izan dituela bere sortze lanak. Ilusioa, dedikazioa eta trebetasuna batuta, artelan eder ugari utzi dizkigu: Aginagako eliza “zaharra”, metak, perratokia, garai bateko garbitokia, hainbat baserri eta baserrietako tresneria, tolarea, anguletako ala, traineruak… Guztiak tamaina txikian, baina erreplika bikainak sortu ditu. Azken xehetasunera arte zainduak. Bere ingurukoek azaldu diguten moduan, “Aginagako bizimodua egurrez egina” du Joxek.

Argazkietan oinarrituta

Argazkietan oinarrituta egin zituen hainbat sortze lan. Noiznahi, nahi adina irudi atera ditzakegu egun baina, erretratuak ateratzen gutxi batzuk ibiltzen ziren garai hartakoa dugu Joxe. Egurrezko lanekin egin bezala, Aginaga iruditan jasoa du. Eta hainbat argazki, irudietan agertzen zirenei emanak baita. Egur lanekin egin bezala. Bere sortze lanak, hainbat herritarrek izango dituzte etxean.

 

Soinujole aparta

Egur lanak, argazkilaritza eta soinujole aparta. San Juan gau ugari musikatu dituena Aginagako Intxaurreta inguruetan. Emandako guztia eskertu diote Arrate Elkartekoek, bere 80. urtemugan. Ondo merezia zuen omenaldia. Bejondeizula Joxe, zorionak!