Famatuen alfonbra gorria osatu nahi genuke otsailaren 10erako antolatzen gabiltzan Inauteri Festan. Euskal Herriko pertsona ezagunak gonbidatu nahi genituzke mozorro festara; kirolariak, antzezleak, musikariak, aurkezleak, politikariak, herri eragile nahiz mugimenduetako aurpegi ezagunak… Erreferente edo bide urratzaile izan ditugun hamaika pertsona ezagun ditugu Euskal Herrian.
Denek hona etortzea ezinezkoa izango dutenez, alfonbra gorrirako izarrak behar ditugu, zuek alegia. Animatu beraz. Gustukoen edo gustuko ez duzun pertsona ezagun horren paperean sar zaitezkete, otsailaren 10ean. Hortxe, Inauteri Festan mozorrotzeko proposatzen dizuegun gaia. Azken asteotan elkartea@noaua.eus helbidean edota Bordatxo, Txirristra, Benta, Txiriboga, Txapeldun, Guria, Artzabal eta Aitzaga tabernetan jarritako zerrendetan egin dituzuen ekarpenetatik hautatu dugu. Milesker beste behin, zuen ideiengatik!
Eta orain lanera, mozorroa prestatzera. Bi hilabete eskas geratzen dira. Egun horri begirako ekimenen berri ematen joango gara urtarriletik aurrera.