Artzabalgo plaza berritzeko hitzarmena sinatu dute bizilagunek eta Udalak

Noaua Aldizkaria 2018ko urt. 4a, 10:37

Urte luzez katramilatua egon den auzia konpondu ondoren, hastera doaz berritze lanak. Ezinbestean burutu beharreko obrak ziren honakoak. “Usurbilgo Udalak beharrezkoa ikusi du plazako zoladura konpontzea, oso egoera txarrean baitago baldosa. Halaber, lan horiek baliatuko dira, inpermeabilizazioa berritzeko, berme epea iraungita duelako. Udalak obra guztia amaitu artean bere gain hartuko ditu gastu guztiak, baita inpermeabilizazio gastua ere. Lanak amaitutakoan, bizilagunek Usurbilgo Udalari itzuliko diote aurreratutako dirua, eta bi fasetan ordaintzeko aukera izango dute”, ohartarazi dute Udaletik. 

Lanok 267.000 euroko kostua eragingo dute Udalak berri eman duenez, “bi urteetan ordainduko du”. 2018ko udal aurrekontuetako 150.000 euro zereginotara bideratuko dituzte, gainerakoa 2019an ordainduko du Udalak. Inpermeabilizazio kostua aldiz, Puntapax kaleko 10, 12, 14 eta 16ko bizilagunek bere gain hartuko dute; ia 64.000 euro guztira. Hala adostu dute bizilagunen lehendakariak eta Udalak sinatu duten hitzarmenean.