Martuteneko espetxea Zubietara lekuz aldatzeko urrats berriak eman ditzakete urtarrilaren 10ean

Noaua Aldizkaria 2018ko urt. 4a, 12:04

2018rako erronkak definitu ditu egunotan Donostiako Udaleko alkate Eneko Goiak. Tartean, Zubietan eraikitzekoak diren makrokartzelaz aritu da. Egungo Martuteneko gunea Zubietara lekuz aldatzeko bilera izango duela iragarri du urtarrilaren 1oean. Donostiako Udala Espetxe Zuzendaritzarekin biltzekoa da, eta bertan, espetxearen leku aldaketa gauzatzeko konpromisoa datekin zehazteko asmoz joango da Donostiako alkatea.

Leku aldaketa hau egitea ezinbestekoa zaio Donostiako Udalari, Martuteneko espetxearen bueltan aurreikusiak dituzten etxebizitzak eraiki ahal izateko.

Zubietako makrokartzela eraikitzen amaitu aurretik itxi dezakete Martutenekoa

Espainiako Gobernuko Barne Ministro Juan Ignacio Zoidok lehen lerrora ekarri zuen berriz, Zubietako makrokartzelaren gaia. Zehazkiago esanda, bere adierazpenek. Zubietako makrokartzela eraikitzen amaitu aurretik itxi dezakete Martutenekoa eta honenbestez lur eremu horretan Donostia hazi eta garatzeko tokia utzi. Horixe adierazi zion Zoidok azaroa amaieran Espainiako Gobernuaren Diputatuen Kongresuko kontrol saioan, EAJ-ren diputatu Mikel Legardak Martuteneko zentroaren inguruan dituzten aurreikuspenen inguruan eginiko galderari erantzunez. 

Datozen egunotan, gai honetan aurrerapausoak emateko espetxe ekipamendu eta azpiegituren sozietateko lehendakaria Donostiako alkate Eneko Goiarekin biltzekoa dela iragarri zuen barne ministroak. EAJ-ko diputatuak esandakoarekin bat eginez, ezinbestekotzat jo zuen egoera argitzea, Martuteneko espetxea itxi, bertako espazioa libre utzi eta hiriburua Martutene aldean garatu ahal izateko. Hori guztia, Zubietako makrokartzelako eraikitze lanak amaitu gabe egin daitekeela zioen Zoidok. 

Zubietako makrokartzela beharrezkoa ote den zalantzan jarri dezakete adierazpenok. Zoidok kontrakoa dio. "Beharrezkoa da. Zergatik? Martuteneko espetxea oso zaharkitua dagoelako, gabezia asko ditu eta ez da zentzuzkoa XXI. mendean, presoak dauden espetxearen arabera, XXI. mendeko instalakuntzez gozatu ahal izatea edo Espainian dugun zentro zaharrena den Martutenekoa bezalako kartzela baten gabeziak jasan beharra izatea".

EAJ-ko diputatuak esandakoarekin bat egin zuen barne ministroak. Alegia, Martuteneko espetxearen berehalako itxiera defendatzen dute, eragin larria suposatzen duelako bertako langile eta presoentzat. Legardaren esanetan, Martuteneko espetxea Espainiako zaharrenetarikoa da eta gabezia funtzional eta egiturazko larriak ditu. Espetxea txikia, zaharkitua eta hondoratua geratu da, uholde arriskua saihesteko berritua izan den auzune batean.

Espetxeen kudeaketarako eskumena euskal erakundeen esku uzteko eskaera ere egin zion Legardak barne ministroari. Zoidok gai honen inguruan ez zion erantzun, azaroa amaierako Kongresuko saioan.

Hamabi urte 

2005ean Espainiako Gobernuko Barne Ministerioak eta Donostiako Udalak Zubietako makrokartzela eraikitzeko protokoloa sinatu zuten. 2011n bi aldeek hitzarmen berri bat sinatu zuten baina Zoidok azaroa amaieran aitortu zuenez, arazoak sortu dira bai lurzoruan baita Zubieta gainean erraustegitik gertu kokatzea aurreikusten duten proiektuan ere. Gogorarazi zuenez, ezponda eraikitzeko plana esleitu berri dute. Horren gainean eraiki asmo dute Zubietako makrokartzela.