2018an preso eta iheslarien egoera konpontzeko eskaera

Noaua Aldizkaria 2018ko urt. 4a, 13:03

2017ko azken orduak urtearen balantzea egin eta 2018an behingoz euskal preso eta iheslarien egoera konpontzea eskatu zuen Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak abenduaren 31n frontoian egin zuen ekitaldian. Intentsitate handiko urte gisa definitu zuten agurtzear zutena, gazi gozoa izan zela 2017a, baina "egia esateko gazitik gehiago izan du gozotik baino" zioten.

Usurbildik atera gabe, Valentziako Picassent espetxean sorterritik ia 600 kilometrora espetxeraturik segitzen duten Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga presoak hizpide izan ditugu joan den urtean, haien haur Xuaren jaiotzagatik. "Ez zen egoera errazean jaio, bera zorionez ohartu ez bazen ere, bere amona Mari Karmen larriki gaixotu zelako", biloba ezagutu ahal izateko ehunka kilometroko bidaia egin zuenean. 

Kantuan Xua, Olatz eta Patxi Usurbilen nahi dituztela aldarrikatu zuten.

22 preso larriki gaixo

2017ko gainerako gertakari nagusiak gogorarazi zituzten: aitak Izar txikia labankadaz zauritu zuenekoa; Kepa del Hoyo eta Belen Gonzalez presoen eta Javier Perez de Nanclares iheslariaren heriotzak; edota presoak bisitatzera zihoazen senideek eginiko milaka kilometroetan sufritu behar izan dituzten 9 ezbeharrak. "Orotara 20 zauritu, horietatik 4 larriki, utzi dituztenak", gogorarazi zuten Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik. Eta kopuru hauen atzean nabarmentzekoa noski, "egon den sufrimendu itzela".

Amaitu berri den urtean bestalde, 51 euskal preso itzuli dira etxera espetxe zigorra osorik beteta. 302 euskal herritarrek segitzen dute preso, estatu espainiar eta frantziarreko espetxeetan gehienak, "bat Portugalen eta beste bat Brasilen. 22 preso larri gaixo daude".

Itxaropenerako gertakaririk ere izan da 2017an, Usurbilen Nahi Ditugu bilgunearen esanetan. "Esaterako apirilaren 8koa Baionan, eta berrikitan, abenduaren 9koa Parisen. Konpromisoz eta ahalegin izugarriaz  gizarte zibilak hainbat eragile politiko eta sozialekin urratzen ari den bideak argi izpia piztu du Estatuen blokeoaren aurrean".

Bilboko manifestaziorako autobus zerbitzua

2018an beharrezko urratsak eman eta behingoz euskal preso eta iheslarien egoera konpontzea eskatzen dute. Urte berriko lehen hitzordua, urtarrilaren 13an Bilbon. "Prest gaude" aldarripean, Sarek deituta manifestazioa arratsaldeko 17:30etan Kasillatik abiatuta. Babes zabala jasotzen ari da mobilizazioa; osasun arloko eta jurisprudentziako langileena, sindikatuena... Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak eta Ernai Usurbil gazte erakundeak ere bat egin dute deialdiarekin. Urtero moduan, autobus zerbitzua antolatu da Usurbildik. Izen ematea aurrez, ohiko tokietan. Informazio gehiago: sare.eus