Odola emateko urte berriko lehen hitzordua astelehen honetan, urtarrilaren 8an. Usurbilgo Odol Emaileen Elkarteak bi hilean behin finkatu ohi duen hitzordua, 18:00-20:30 artean anbulatorioan.
Odola emateko baldintza nagusiak
-18-70 urte artean izatea.
-50 kg baino gehiago pisatzea.
-Osasuntsu egotea.
-Gure odolaren bitartez besteei kutsa diezaiekegun gaixotasunen bat harrapatzea eragingo ligukeen inolako arrisku-jarduerarik egin ez izana.
-Zalantzak argitzeko: gotatanta.eus edo gerturatu anbulatoriora, odol emate egunean.
-Odol emanaldien maiztasuna: urtean 3 aldiz.
Urtean zehar: bi hilean behin, lehen astelehenetan.
Informazio gehiago: gotatanta.eus
Antolatzailea: Usurbilgo Odol Emaileen Elkartea.
Gripe kasuen gorakada, ohikoa
Urte garai honetan ohikoa denez, gorantz egin dute gripe kasuen kopuruak azken asteotan. Ohiko kopurura heldu direla nabarmentzen dute. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 100.000 biztanletik 277,24 kasu eman direla berri eman du Osakidetzak. 0-4 urte arteko haurrengan sumatu da gehien. Oro har, 124 pertsona ospitaleratu dituzte, haietatik 49 larri eta 11 hil dira. "Azpimarratu behar da hildako pertsona horien % 50ek bakarrik hartu zuela txertoa arrisku-taldeen barruan egon arren", ohartarazi du Osakidetzak.
Bi astez luzatu zuen azkenean Osakidetzak txertoa hartzeko kanpaina, urtarrilaren 6ra arte. 65 urtetik gorako pertsonek, gaixotasun kronikoren bat duten pertsonek eta haurdun dauden emakumeek txertoa hartzeak duen garrantzia nabarmentzen du Osakidetzak.
Gripe kasuen gorakadaren aurrean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak "giza baliabideak eta baliabide materialak indartu dituzte, beren gripe-kontingentziako planean aurreikusten den bezala, era horretan, gripe-kasuen gorakada horrek eragindako laguntza-eskaeraren gehikuntza handiari ahalik eta modu eraginkorrenean aurre egiteko. Kontingentziako plan horri esker, beharrezkoak diren baliabideekin eta antolakuntzarekin, gripe-epidemiari eta neguko hilabeteetan osasun-zentroetara hurbiltzen den biztanle-kopuru handiagoari hobeto aurre egiten zaie. Helburua da paziente guztiak ahalik eta normaltasun handienarekin artatzea. Horretarako, aurreko urteetan bezala, gripearen eta eskura dauden laguntza-baliabideen zaintza epidemiologiko zorrotza egiten da".
Ohiko gomendio eta prebentzio neurriak hartzea aholkatzen dute.
-Erabili eta botatzeko paperezko zapiak erabiltzea.
-Eztul edo doministiku egitean, ahoa edo sudurra besoarekin tapatzea.
-Eskuak urarekin eta xaboiarekin maiz garbitzea.
-Gripeak ez du tratamendu espezifikorik; horregatik, sukarra jaisteko atsedena, likido ugari eta sukar-kontrakoak hartu.
-Sukarra jaisten ez bada, medikuarengana joan.
-Osasun-baliabideen erabilera arduratsua egin. Sintomatologiaren arabera, norberaren arazoa artatzeko eta konpontzeko osasun-zerbitzu aproposena zein den baloratu.