Hitzartu prozesuaren aurkezpena ostiralean Sutegin

Noaua Aldizkaria 2018ko urt. 8a, 11:24

Gipuzkoa mailan hondakinen kudeaketarekin dugun gatazkaren konponbide adosturantz eramango gaituen bide-orria diseinatzeko Hitzartu prozesua eratu eta abiatzea erabaki zuten joan den abenduaren 16an, Donostiako Eureka zientzia museoan ospatu zen ekitaldian. Gizarte zibilaren ekimenez jaio den egitasmoa, haren finantza proiektua eta prozesuaren jarraipena egingo duen Berme Batzordeari erabateko babesa eman zioten bertaraturikoek. 

Herritarrak, eragileak eta erakundeak erdigunean jarri eta guztion elkarlanez garatuko den aurrekaririk gabeko, eta eredu gisa nahiz moduetan berritzailea izango den parte hartze prozesua abiatzera doaz honenbestez, urte berrian sartzearekin batera.

Prozesuaren gaineko xehetasunen berri emateko, udalerri mailako aurkezpen ekitaldia antolatu dute urtarrilaren 12an, 19:00etan Sutegin. "Herritar, norbanako eta eragile guztiak bertara gonbidatu nahi ditugu!", luzatu dute gonbita.

"Hitzartukide" izateko deia

Urtebete, abendura arte iraungo duen "Hitzartu" prozesuaren baitan aurreikusiak dauden ekintza guztiak garatzeak gutxi gorabehera, gehienez jota 80.000 euroko gastua eragingo duela aurreikusten dute proiektu honen sustatzaileek. Jasotako laguntzaren araberako parte hartze prozesua bideratuko da hurrengo hilabeteotan. "Gure nahia, prozesua ahalik eta kalitate onenaz garatzea litzateke", desio dute.

Gastuoi aurre egiteko “crowdfunding” diru bilketa kanpaina abiatu dute itsulapikoa.eus atarian. Dagoeneko 2.000 euro bildu dituzte, baina gutxienez 10.000 euro jasotzera heldu nahi dute parte hartze prozesu hau abiatu ahal izateko. Horretarako, gizarte zibila, herritar eta erakundeak Hitzartukide izatera animatzen dituzte. Erakundeek "kopuru jakin bateko ekarpena eta haien bazkideen artean beste kopuru bat biltzeko konpromisoa hartzea proposatzen da". Norbanakoak ere izan daitezke Hitzartukide. "Kasu horretan ere, bakoitzak ekarpen bat egingo du, eta haien inguruan kopuru jakin bat biltzeko "konpromisoa" har dezakete". 

Parte hartze prozesu honek gardentasun-bermea izango du sustatzaileen esanetan. Prozesu honek eragindako diru sarrera eta gastu mugimenduen berri jaso ahalko da hitzartu.eus atarian. Une oro eskainiko da informazio eguneratua aipatu atari horretan baita itsulapikoa.eus crownfunding enpresaren web orrialdean ere. "Prozesuaren amaieran, kontuak likidatzeko eta kontu-emateko batzar bat egingo da, soberakinik izanez gero, horiekin zer egin erabakitzeko".

Zuen diru ekarpenak bi bideotatik egin ditzakezue beraz:

ES05 3035 0140 33 1400031124 kontuan

itsulapikoa.eus  (5 €-tik gora)

https://youtu.be/ivLjhPMJx_4

https://youtu.be/dlifXZiEzXY

https://youtu.be/kQ7G4FQZkDw

https://youtu.be/yMRRyi9KGGg

HITZARTU PROZESUAREN XEHETASUNAK

Oinarriak

1-Gizarte-kohesio handiagoa lortzea.

2-Ingurumena eta osasuna gehiago babestea.

3-Europako araudi eta politikak zorrotzago betetzea.

Hiru azpi parte hartze prozesu

1-Parte hartzea.

2-Planaren erredakzioa.

3-Babes juridikoa.

Egitekoak

-Herritarren parte hartze prozesua burutzea.

-Parte hartze prozesutik 2017-2030 urtera arteko Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Integralaren dokumentua erredaktatzea. Dokumentu horrek jasoko du parte hartze prozesutik ateratako herritarren akordioa eta Gipuzkoako hiri hondakinak kudeatzeko irtenbide teknikoa.

-Hondakinen kudeaketaren gaiaren inguruan adostasuna lortzea.

Egutegia

Urtebeteko iraupena izango du prozesuak:

2017ko abendutik 2018ko urtarrilera: diru-bilketarako kanpaina (crowfounding bidez).

2018ko otsailetik ekainera: parte hartze prozesuaren dinamizazioa. Herritar eta eragileekin batzarrak.

2018ko irailetik abendura: mahai soziala eta teknikoaren arteko lanak eta dinamizazioa eta 2017-2030 urtera arteko Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketarako Plan Integralaren idazketa.

2018ko abenduan: Mahai Teknikoak idatzitako hondakinak kudeatzeko plan berriaren aurkezpena. Planaren azterketa, ebaluaketa eta parte hartzaileen oniritzia emateko batzarrak.

Bi mahai

-Mahai Soziala (Eztabaida mahaia):

Parte hartzaileak: ahalik eta sektore sozial gehien eta anitzez osaturiko mahaia.

Egitekoa: 2018ko lehen seihilekoan deituko dituen batzarretako lanketa. Gipuzkoako udalerri eta eskualdeetan bildutako iritziak eta lehentasunezko proposamenak mahai teknikora helaraztea. 

-Mahai Teknikoa (Idazkaritza mahaia):

Parte hartzaileak: eremu ezberdinetako adituak; juristak, ekonomistak, soziologoak, politologoak, irakasleak, osasun eremuko profesionalak... 

Egitekoa: "Hondakin Plangintzaren egitura eta eduki edo atal nagusiak markatzea eta Mahai Sozialaren proposamenak jasoz gero, Plana idaztea".

Prozesuaren diseinatzailea

Euskal Herriko Unibertsitatea.

BERME BATZORDEA

"Hitzartu" parte hartze prozesua jarraitu eta gainbegiratuko duen organoa ere aurkeztu zuten abenduaren 16an Donostiako Eureka zientzia museoan; Berme Batzordea. Eremu ezberdinetako aditu ezagunek osatuko dute bilgune hau:

Pedro Ibarra Güell (Getxo):

-Zientzia politikoetan katedraduna EHU-n.

-"Parte Hartuz"-en sortzailea (demokrazia parte-hartzaileari buruzko EHUko ikerketa-taldeko kidea).

-Irakasle bisitaria Firenzeko Unibertsitate Institutu Europarrean eta Bordele, Bartzelona eta Nevadako unibertsitateetan.

Ernesto Ganuza Fernandez (Madril):

-Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiko zientzialari titularra.

-Soziologian doktorea Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean.

-Parte-hartzeari buruzko ikerketa-masterraren koordinatzailea Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean.

-"Revista Internacional de Sociologia" aldizkariko idazkaria.

Juan Jose Alvarez Rubio (Zumaia):

-Nazioarteko Zuzenbide Pribatuko katedraduna EHU-n.

-2015eko Eusko Ikaskuntza saria.

-Gobernantza Demokratikoaren Institutuko idazkaria.

Garbiñe Biurrun Mancisidor (Tolosa):

-EAEko Auzitegi Nagusiko Lan-arloko Salako presidentea.

-EHUko lan-zuzenbideko eta Gizarte Segurantzako irakasle asoziatua.

-"Jueces para la Democracia" elkarteko kidea.

Bernardo Atxaga (Asteasu):

-Ekonomian lizentziaduna.

-Euskaltzaindiako kidea.

-Idazlea.

-Euskadi Saria (1989, 1997, 1999), Espainiako Literatura Sari Nazionala (1989), Millepages saria (1991), Pirinio Atlantikoetako Hiru Koroa saria (1995), Eusko Ikaskuntza saria (2002), Cesare Pavese poesia-saria (2003) eta Espainiako Kritikaren Saria (1978, 1985, 1988, 1993, 2003).

Informazio gehiago:

hitzartu.eus

hitzartu@hitzartu.eus

Twitter: @Hitzartukide

Facebook: Hitzartukide