Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) abenduaren 26an eginiko batzarrean, erraustegiko lanen bigarren fasea abiatzea erabaki zuen. Bigarren fase honetan, biometanizazio planta bat eta "zepen zahartzapen planta" eraikiko dituzte Zubieta gainean, erraustegiaren eta tratamendu mekaniko biologiko planta altxatzen ari diren gunearen ondoan, "31.988 m2-ko partzela bat hartuz, lehen gunetik 300 metro eskasetara. Bigarren faserako aurreikusten den inbertsioa 37 milioi euro ingurukoa da".
GHK-k hartu berri duen erabakiarekin "oniritzia eman zaio, bai egin den azterlanari, bai kontratazio espedienteari, eta aurreikusten da obra publikoaren emakidaren formulaz esleitzean Gipuzkoako Ingurumen Gunearen 2. fasea diseinatzeko, eraikitzeko, finantzatzeko, ustiatzeko eta mantentzeko kontratua".
Eskaintzak aurkezteko epea zabalik
Esleipen hau gauzatzeko bidean urrats berri bat eman dute jada. Azpiegiturok eraikitzeko deialdira eskaintzeko aurkezteko epea zabaldu dute, otsailaren 26ko eguerdiko 13:00ak arte. Ordura arte, dokumentazioa eta informazioa jasotzeko aukera izango da, GHK-k Hernanin (Ibaiondo Industrialdea 27, Orbegozo Eraikina, 3. solairua/ 943 504 950/licitaciones@ghk.eus) duen egoitzan. Astearte honetako, urtarrilaren 9ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak dakartza xehetasunak.
Lizitazioaren xehetasun nagusiak:
-Erakunde esleitzailea: GHK (Espediente zenbakia: 2017_01KON-CMGI).
-Kontratuaren xedea: "Gipuzkoako Ingurumen Gunea-2. Fasearen obra publikoaren emakida kontratua. Kontratuaren xedea da azpiegituraren diseinua, finantzaketa, proiektua idaztea, obra-zuzendaritza baitaratzea, eraikuntza-lanak gauzatzea, eta horren zaintza, mantentze-lanak eta eraginkortasuna, Baldintza Teknikoen Pleguak deskribatzen diren baldintza eta betebeharrekin".
-Egiteko epea: "Kontratuaren iraupena 20 urtekoa izango da guztira, emakida kontratua sinatzen den egunetik zenbatzen hasita. Adierazitako epearen barnean, kontratistak Kontratuko puntu bakoitza gauzatzeko tarteko epeak errespetatu beharko ditu".
-Lehiaketarako oinarrizko aurrekontua: 37.404.179 €, BEZ kanpo.
-Bermeak: Behin-behineko bermea: 700.000 €. Behin-betiko bermea: Kontratuaren balio estimatuaren % 5a, BEZ kanpo.
6 milioi euro urtero eraikitzaileentzat
37,4 milioi euroko inbertsioa egin beharko du proiektu hau gauzatu nahi duen enpresak. "Gunearen bigarren fasea martxan dagoenean, kontratistak 6 milioi jasoko ditu urtean (urteko gehieneko kuota), zenbateko hau egindako inbertsioarengatik eta instalazioaren kudeaketarengatik izango da 20 urte bitartean (eraikuntza aldia barne hartuta). Kontsortzioak abiaraztea onartzen duenean hasiko da kanona ordaintzen", adierazi dute GHK-tik.
Abian diren egungo lanekin batera gauzatuko dira bigarren faseko obrak, datorren 2018ko apiriletik aurrera. Urtebetez luzatuko dira. Foru Aldundiak aurreikusten duenez, udal eta foru hauteskundeak ospatuko liratekeen 2019ko maiatzean, "ustiatzen hasteko modua izango dela aurreikusten da". Azpiegitura hauekin, 2015-19 legegintzaldi amaierarako hondakinen kudeaketarekin dugun arazoa konpondutzat ematen du Aldundiak eta "horrela, beteta geratuko da herritarrekin hartutako konpromisoa. Erabaki honek, hondakinen kudeaketaren arloan, Europako herrialde aurreratuenen abangoardian jartzen gaitu".
2018rako aurrekontua ere onartu dute
Asanblada berean 2018rako aurrekontua onartu zuen GHK-k. Honatx Kontsortzioak plazaratu dituen zenbakiak:
-Guztira: 40.559.161 euro.
-"Kontsortzioaren 2018ko aurrekontuetan, Gipuzkoako Foru Aldundiak egingo duen ekarpena jasota dago, baita ere, guztira 6 milioi eurokoa izango dena".
-2018ko tarifetan igoerarik ez: 173 eurokoa errefus tona bakoitzeko eta 129koa bio-hondakin tona bakoitzeko.
-Bio-hondakinen gaikako bilketa sustatzeko, %15-%35 arteko tarifa hobari mailakatua ezarriko dute.
-Kudeaketa aurreikuspenak: 39.000 tona bio-hondakin (%8,33 gehiago), 160.000 tona erreus zabortegira eta Legazpiko ontzi sailkapeneko plantatik 4.500 tona birziklatzera.
Irudia eta bideoa: GHK.