San Marko Mankomunitateak behin betiko onartu ditu 2018rako aurrekontuak

Noaua Aldizkaria 2018ko urt. 9a, 12:02

Aurkeztu diren erreklamazioak aintzakotzat hartu gabe behin betiko onartu ditu San Marko Mankomunitateak 2018rako aurrekontuak. Guztira, 30.449.000 euroko aurrekontuak. Gogoan izan, udazken honetan bertan 2014koak baliogabetu egin zizkion Espainiako Auzitegi Gorenak, eta honenbestez arrazoia eman zien, aipatu Mankomunitateko 2014ko aurrekontuon aurka duela 4 urte helegitea aurkeztu zuten udalei, tartean Usurbilgoari. 2014koez gain, 2015, 2016 eta 2017ko aurrekontuak ere errekurrituak dituzte udalok. 2014ko aurrekontuak baliogabetu ostean, “logikoena da horiek ere baliogabetzea, 2014koentzako irizpide berak erabiliz”.

Hala zioten, 2014ko aurrekontuen auzian Espainiako Auzitegi Gorenak arrazoia eman ostean udalok epaia baloratzeko azaroaren 7an, San Marko Mankomunitateak Donostian duen egoitzan egin zuten agerraldian. Bertan iragarri zutenez, epaiaren exekuzioaren nondik norakoak adostu eta “2018tik aurrerako aurrekontuak hondakinen kudeaketa jasangarriaren irizpideak aplikatuz egin ahal izateko” bilera eskatzekoak ziren San Marko Mankomunitateko zuzendaritzari agerraldia bukatu ostean.

Berri eman zutenez, 2014an une hartan atez ateko bilketa indarrean zuten udalerriek aurkezturiko helegiteari eman dio arrazoia Espainiako Auzitegi Gorenak, “Mankomunitatearen irizpideak nabarmen kaltetzen zituztelako eta oraindik ere kaltetzen dituztelako”. Hain zuzen, atez ateko bilketa abian zuten udalerriek, bilketa honen gastuez gain, edukiontzien sistema baliatzen zuten Mankomunitateko gainerako herrien (Donostia, Lasarte, Orereta…) gastuei ere aurre egin beharrean aurkitu izan dira, “gure tarifa nabarmen zamatuz eta kaltetuz”, zioen Eneritz Arbelaitzek, Oiartzungo udal ordezkariak. Zegokiena baino gehiago ordaindu behar izan dute udalerriok: Pasaiak 93.000 euro gehiago, Oiartzunek 60.000 euro gehiago, Lezok 35.000 euro gehiago, Astigarragak 30.000 euro gehiago eta Usurbilek 3.000 euro gehiago.

“Injustua da”

Poza agertu zuten udal ordezkariok, epaia, helegitea aurkeztu eta 3 urtera heldu zen arren. “Orain ikusi beharko da epai hau nola ezartzen den, Mankomunitatean nola kitatzen dituen 6 udal hauekin dituen zorrak…”, zioen Arbelaitzek.

Epaiaren exekuzioaren nondik norakoak adostu eta “2018tik aurrerako aurrekontuak hondakinen kudeaketa jasangarriaren irizpideak aplikatuz egin ahal izateko” bilera eskatzekoak ziren San Marko Mankomunitateko zuzendaritzari agerraldia bukatu ostean.

Tasak, tarifak eta udalek egin beharreko diru ekarpenak zehazteko irizpideak berregokitu behar direla diote hiru udalotako ordezkariek. “Hemen ordezkatuak gauden udalon jarrera argia da. Herritarren praktika onak saritu behar dira eta txarrak zamatu. Irizpide horrek gidatu behar luke San Markoren aurrekontua. Hondakinen kudeaketa jasangarriaren printzipioek gidatu behar dute tasa tarifen ezarpena, ez baita posible %80ko gaikako bilketa egiten dugun herriok beste herriek bezainbeste edo gehiago ordaintzea. Injustua da erabat. Irizpide horiek gainera eskala guztietan ezarri beharko lirateke, kudeaketaren ziklo osoan eta esparru guztietan”, zioen Xabier Arregi Usurbilgo alkateak agerraldi berean.

SAN MARKO MANKOMUNITATEAREN 2018ko AURREKONTUAK

SARREREN EGOERA

3 Tasak eta bestelako sarrerak ...................     10.565.140,00

4 Transferen­tzia arruntak ...........................     19.169.660,00

5 Ondare sarrerak.......................................                 200,00

7 Kapital transferen­tziak.............................          126.000,00

9 Finan­tza-pasiboak....................................          588.000,00

Guztira .......................................     30.449.000,00

GASTUEN EGOERA

1 Per­tso­nal-gastuak....................................          601.840,00

2 Gastu arruntak.........................................     27.991.600,00

3 Finan­tza-gastuak......................................            43.500,00

4 Transferen­tzia arruntak............................              2.400,00

6 Inber­tsio errealak.....................................       1.188.660,00

9 Finan­tza-pasiboak....................................          621.000,00

Guztira .......................................     30.449.000,00