Asteartean bezala, haize bolada gogorrengatik abisu horia indarrean jarri dute inguruotan asteazken honetarako. "Mendebal-osagaiko haize boladak 100 km/h ingurukoak izango dira haizeguneetan. Hasieran hego-mendebaldetik joko du haizeak eta bereziki mendebaldeko mendi inguruetan eragingo du. Ondoren, mendebaldetik joko du, batez ere kostaldean eraginez", ohartarazi du Euskalmet meteorologia agentziak. Aldaketa dator gero:
Urtarrilak 10, asteazkena
"Aldaketa arratsaldean; haizea zakartu eta iluntzetik aurrera elur-mailak behera egingo du. Goizean hodeiak eta urdinguneak tartekatuko dira eta hegoaldeko haizearekin, tenperatura bizpahiru gradu gorago kokatuko da; maximoak 10-14 ºC artean kokatuko dira. Alabaina, arratsaldean egoera aldatu egingo da. Hego-mendebaldeko haizea are gehiago zakartuko da eta han-hemenka euri pixka bat egingo du. Gerora, haizea mendebal/ipar-mendebaldera aldatuko da, bolada oso gogorrekin, eta prezipitazioak ugaritu eta indartu egingo dira; baliteke kostaldean ekaitzak jo eta txingorra botatzea. Gaineratuko zaigun frontearen atzetik, aire hotza sartuko da eta elurra gero eta maila baxuagoan egingo du; eguna amaitzerako elur-kota 700-800 m-ra kokatuko da, baina ordurako litekeena da atertzera egitea".
Urtarrilak 11, osteguna
"Bizkaiko Golkoan kokatuko den borraska txiki baten eraginpean egongo gara; bere kokapenaren arabera iragarpena zertxobait aldatu liteke. Borraska honi loturiko fronte batek prezipitazioa ekarriko du; zaparradak botako ditu, ugariagoak eta mardulagoak izango dira egunaren bigarren zatian. Litekeena da, goizaldean, barnealdean ateri egotea frontea iritsi bitartean. Goizaldean eta goizean goiz elur-maila 500-700 m artean kokatuko da, eguerdirako 800 m-ra igoko da eta arratsalde amaierarako 1000 m-ra igoko da. Mendebal-osagaiko haizea oso zakar ibiliko da, batez ere kostaldean eta mendi inguruetan".
Urtarrilak 12, ostirala
"Giro lasaia, ostarteekin eta haizea ahulago. Goizaldean oraindik euri pixka bat egin badezake ere, goizean ia denean atertu egingo du. Iparralden eta Nafarroa ipar partean, gehiago kostako zaio altxatzea eta zonalde hauetan zerua ilunago agertuko da eta arratsaldera arte euri pixka bat egin dezake, gauza gutxi. Elur-kota 1000-1200 m inguruan kokatuko da. Ipar-mendebaldeko haizearekin hasiko dugu eguna, baina hego-mendebaldetik finkatuz joango da; indar handirik gabe ibiliko da. Tenperaturak gora egingo du".
Informazio eguneratua: euskalmet.eus