Ekhi Ajuria Illarramendi, datorren Gipuzkoa hobetzen laguntzeagatik saritua

Noaua Aldizkaria 2018ko urt. 11a, 10:38

Nazioarteko programa arautuetan parte hartzen ari diren unibertsitateko hainbat ikasleek Gipuzkoaren etorkizuna hobetzea xede duten proiektuak aurkeztu zituzten Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz ekimenaren baitan antolaturiko Altuning Pro Gipuzkoa sariketara. Epaimahaiak 2.000 eurorekin nabarmendu dituen proiektuen artean, Ekhi Ajuria Illarramendi herritarrarena dago. “Teknologia Aeroespazialeko Berrikuntza eta Garapen Zentroa” gauzatzea proposatzen du etorkizuneko Gipuzkoan. Bere proiektu eta ikasketez zertxobait gehiago jakin nahian elkarrizketatu du NOAUA!k 22 urteko gazte usurbildarra.

Eginiko ahaleginaren emaitzarekin pozik ezta?

Ekhi Ajuria Illarramendi: Bai. Apirila aldera izan nuen lehiaketaren berri. Kanpoan zeuden gipuzkoarroi zuzendua zegoen. Gipuzkoa hobestea helburu izango zuen proiektu bat aurkeztu behar zen. Proiektuaren helburua da ikustea Gipuzkoan ze arazo ditugun, kanpoan ze arazo dauden, zu kanpoan zaudela nola eman erantzuna arazo horiei eta erantzun horiek nola ekarri hona, Gipuzkoa hobetzeko. Alegia, nola aplika ditzakegun atzerriko proiektuak Gipuzkoan, kanpoan ikasitakoa hona nola ekarri.

Erasmus beka batekin zinen Poitiersen (Frantzia). Handik aurkeztu zenuen proiektuak zertan hobetzen du etorkizuneko Gipuzkoa?

Frantzian praktikak egiten nenbilela aurkeztu nuen proiektua. Prestatu nuen lehen zirriborro bat, beste gehigarri bat eskatu zidaten gero. Fase hau igarota, elkarrizketa pertsonal bat egin zidaten. Azkenean, sarituen artean egon naiz. Proiektu ireki eta zabala da, propultsio espazialari buruzkoa, ziurrenik inoiz egingo ez dena, baina ideia hor geratuko da. Ikerketa gune bat gauzatzea proposatzen dut Gipuzkoan. Proiektua egiten ari nintzen lekua halako toki bat zen. Gipuzkoan batez ere makina-herraminta, elektronika eta potentzien kontrol pixka bat dugu, baina eremu honetan ez dugu ezer. Gipuzkoak sektore aeroespazialean ezer gutxi du, Araban eta Bizkaian gehixeago dago.

Eremu honetan egiteko asko egon daiteke beraz?

Bai. Oraintxe bertan merkatua eboluzio handia izaten ari da. Propultsioan motore elektrikoak garatzea du helburu neure proiektuak, Gipuzkoan eremu elektriko eta elektronikoko enpresen eta ikerkuntza gune batzuekin elkarlanean. Hori izango litzateke abiapuntua, inbertsoreak eta enpresa guztiak erakartzeko baliatu daiteke. Bestalde, Bordeletik bi ordu eta erdira gaude, Toulousetik lau ordura. Estrategikoki ez gaude leku txarrean eta Gipuzkoaren kokagunea ere aukera gisa baliatzea proposatzen nuen.

Unibertsitate eta enpresen arteko elkarlanean sakontzea ezinbestekoa ikusten duzu.

Frantzian ikasi dudan gauza garrantzitsuena batez ere hori izan da. Poitiersen egon nintzen, Bordele eta Paris artean. 100.000 biztanle baino gutxiago ditu, industriarik ez du. Unibertsitatearekin harreman handia izanda, erregaietan eta turbulentzian espezializatu dira batez ere. Nahiko ikerketa zentro potentea atera dute ezerezetik, unibertsitateekin hartueman handia dutelako. Doktore tesi garrantzitsuak eta praktika mordoak ateratzen dituzte, eta modu horretan, proiektu mordoa garatzen dute. Hemen aldiz, ikerkuntza guneak eta unibertsitateak apur bat bereizita daudela ikusten dut, ez dago Frantziako enpresa eta unibertsitateen artean dagoen harremana. Hori gehiago lantzea gustatuko litzaidake. Egia da, esatea oso erraza da, gero araudi, hitzarmen, eta gauza asko daude atzean ezagutzen ez ditugunak. Baina berez, unibertsitate eta industrien arteko harremana estutzea asko gustatuko litzaidake eta hau lehenengo pausoa izango litzateke. Unibertsitate eta enpresen arteko erdigune bat izango litzateke, elkartzeko aukera bat.

Halako proiektuak landu eta saritu ostean ezingo lukete kaxoi batean sartuta geratu. Zer bide egin dezake zureak?

Neurea izango litzateke saritu dituztenen artean zailena gauzatzen, inbertsio handia beharko litzateke, eta oraintxe bertan pixka bat zaila dago kontua. Markel Olanok sariketa egunean esan zigun inbertsioak egiteko 6 zutabe nagusi zituztela, baina sektore aeroespaziala ez zegoela horien artean. Horietatik kanpo inbertsio handia lortzea zaila litzatekeela, baina aurrerago kontuan izatea posible litzatekeela. Hemen ditugun ikerkuntza guneak kontuan hartu eta proiektu txikiak, doktore tesi edo praktikaren bat ateratzen hasten badira, horiek izan daitezke agian lehen urratsak.

Etxekoen talentuan gehiago inbertitu beharko litzateke, talentudunei ihes egiten ez uzteko?

Duela gutxi Talent Foruma egin zuten Miramonen, kanpoan dauden gipuzkoarrentzat. Batez ere lanean egon eta etxera bueltatu nahi dutenei zuzendua zegoen. Enpresa ezberdinekin elkarrizketak egiten zituzten perfila ikusteko, kontraturen bat sinatzeko, jendea berriz ekartzeko, azkenean talentuak erakartzeko. Zer panorama zegoen ikustera joan nintzen. Industria hemen bada baina neure sektorekorik ezer gutxi. Neure sektorean ikusi nuen adibidez, ikerkuntza gune batean, proiekturen bat ateratzen dutela. Gipuzkoan, makina herramintan oso ondo gaude, baina sektore honetan zailxeago dago, faltan botatzen dut.

Diozunagatik epe motzean atzerrian ikusten duzu zeure burua?

Egia esan bai. Etxera bueltatzea gustatuko litzaidake, etxean bezala ez gara inon bizi. Baina badirudi Frantzian geratuko naizela pixka batean. Ingenieritza aeronautikoa ikasten aritu nintzen Madrilgo Unibertsitate Politeknikoan lehen hiru urteetan, laugarren urtea Erasmus bekarekin Poitiersen egin nuen, eta hortik zuzenean, hegazkinen motorretan espezializaturiko propultsio sistema aeroespazialei buruzko masterra egitera joan naiz Tolousera. Urtebeteko masterra da. Irailean hasi nintzen, martxotik irailera praktikak egin behar ditut.

Gerora ere bai?

Gerora ere lan aukeretan, doktore tesiren bat egin nahi badut, nahiko ondo dago Frantzia. Gutxienez, eremu hau askoz garatuagoa dago. Gero ez dakit, agian herrian bukatuko dut.

Etxetik gertu lan aukerarik sortuko balitz hobeto?

Egia esan hobeto, gurasoak beti ditut etxera bueltatzeko esanez. Nik orain argi dut, gaztea naiz eta egin ahal dudan hoberena da asko ikasi eta kanpoan bada hobe. Mundua ikusi, ikasi eta gero jada aurreraxeago etxera itzultzea. Kontua da aurreraxeago etxera itzultzea zailxeagoa izango dela. Baina kanpoan egoteko batere arazorik ez dut.

Atzerrian bizi eta ikasteak norbera aberastuko du. Aholkagarria iruditzen zaizu kanpora joatea?

Guztiz. Edonori bitan pentsatu gabe joateko aholkatuko nioke argi eta garbi. Txikitatik nahiko mugitua izan naiz. Zuzenean Madrilera joan nintzen batere beldurrik gabe. Frantziara ere hala joan nintzen. Esperientzia izugarria da, besteetaz asko ikasten duzu. Oso jende ona ezagutu, lagun piloa egin eta beste kultura batzuk ezagutzen dituzu. Hizkuntzak praktikatzeko aukera ederra da. Zure ikuspuntua guztiz irekitzen duzu. Azkenean beste perspektiba batzuk ikusten dituzu munduan, ikusten duzu jendeak nola eta zergatik pentsatzen duen, oso aberatsa eta gomendagarria da. Zalantzan egonez gero joan, ez duzu ezer galtzen eta irabazteko asko duzu. Atera, mundua ezagutu eta gero itzuli. Baina atera.

Ikasketa hauekiko interesa, betidanikoa izan da?

Erronka gisara hartu izan dut beti. Ingenieritza beti gustatu izan zait. Matematika, fisika beti gustatu izan zait, batxilergo zientifiko teknikoa egin nuen. Ingenieritzaren bat egin nahi nuen. Ez nuen oso argi zer ingeniaritza, eta erronka gisa hartu nuen, Madrilera ikastera joatea. Gainera ikusi nuen beste hiru usurbildar ere bazebiltzala han...

Eginiko apustuak merezi izan du?

Bai, oso pozik nago. Egia esan gogorra izan da. Baina oso pozik nago, merezi izan du.