2018rako udal aurrekontuak, alegazio epean

Noaua Aldizkaria 2018ko urt. 11a, 12:15

Usurbilgo Udaleko udalbatzak hasieraz onartu zituen 2018rako udal aurrekontuak abenduaren 19rako deitu zuten ezohiko osoko bilkuran. Guztira, 11.312.981 euroko aurrekontuak. Hiru ardatz nagusietan oinarritzen dira udal aurrekontuok. Herri jasangarria izatea, herri nortasuna indartzea eta ongizartea sustatu nahi dituzte.

Helburuok gauzatze bidean, sarrera eta gastuak orekatzea ezinbestekoa izan zaiela adierazi dute. Sarrerak zuhurtziaz kalkulatu eta gastu arruntak ahal den neurrian mugatu dituzte, inbertsioetarako diru gehiago izateko. Gizarte politikei bere horretan eutsiko die udal gobernu taldeak, murrizketarik egin gabe. Udal baliabideak herritarren zerbitzura jarriko dituzten aurrekontuak sustatu nahi ditu udal gobernu taldeak. “3 eurotik 1” eremu honetara bideratuko dute. Azkenean, kalitatezko zerbitzu publikoen aldeko apustua berresten du modu horretan EHBilduk.

Oposiziotik ekarpenik ez

Aurrekontuak udal talde, langile edota herritar zein eragileei aurkeztu zitzaizkien azaroan zehar. Hainbat ekarpen aintzakotzat hartu ditu udal gobernu taldeak. Oposizioak ere gauza bera egiteko aukera izan arren, EAJ eta PSE-ko udal ordezkariek ekarpenik ez zutela egin gogorarazita, udal gobernu taldetik osoko bilkuran zioten, “ez dugu ekarpenik jaso. Udal aurrekontuokin ados egongo zaretela ulertzen dugu”.

Oposiziotik ordea aurrekontuon aurka bozkatuko zutela iragarri zuten. EAJ-k Zumarte Musika Eskolarako aurreikusita dagoen 2 milioi euroko inbertsioa udal aurrekontuetan txertatu ez zuelako udal gobernu taldeak. PSE-k berriz, eskola publikoaren gaiagatik. Iaz gobernu taldeari Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin biltzeko galdegin zuela gogorarazi zuen Fermin Oruek, baina “12 hilabete pasa dira eta iaz bezala gaude”.

Zumarteren gaiari dagokionez, musika eskolaren eraikina berritu eta handitzeko konpromisoa erabatekoa dela argi utzi zuen udal gobernu taldeak. Kontu tekniko bat baino ez dela 2 milioi euroko inbertsioa udal aurrekontuetan ez txertatzea eta modurik egokienean kudeatu dutela gaia. Lanak urte honetan bertan hasiko dituztela ere iragarri zuten.

Eskola publikoaren gaiari dagokionez, udal gobernu taldetik Hezkuntza Sailarekin biltzea bitan eskatu dutela aditzera eman zuten, gai honen jarraipena egiten ari direla, baina oraindik ez dutela jaso Jaurlaritzaren erantzunik.

Azkenean, EHBilduko udal ordezkarien babesarekin hasieraz eta gehiengo osoz onartu zituzten 2018rako udal aurrekontuak. Kontra bozkatu zuten EAJ eta PSE-eko zinegotziek. Urtarrilaren 4az geroztik, erreklamazioak aurkezteko hamabost laneguneko epea zabaldua du Udalak. Tarte honetan, erreklamaziorik ez balego, behin betiko onartuko dira urte berrirako udal aurrekontuok.

Udal lanpostuak

Ohi den moduan, 2018rako udal aurrekontuekin batera urte berri honetarako udal lanpostuen zerrenda eta plantilla organikoa ere hasieraz onartu zituen udalbatzak abenduaren 19ko ezohiko osoko bilkuran. Alegazioak aurkezteko 15 eguneko epea dago, Udalak erabakiaren berri ematen zuen iragarkia urtarrilaren 3ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zuenetik. Tarte horretan erreklamaziorik egongo ez balitz, behin betiko onartutzat joko dira.