"Elkarrekin aurrera egiteko prest gaude. Euskal presoak Euskal Herrira. Giza eskubideak. Konponbidea. Bakea" aldarripean, Sare mugimenduak larunbaterako, urtarrilak 13, Bilbon (17:30etan Kasillatik) deitu duen manifestazioarekin bat egingo dute milaka herritarrek. Manifestazio honen harira autobus zerbitzua antolatu da Usurbilen. Izena ohi bezala, aurrez eman beharko da ohiko tokietan. Adi, eguerdian 12:30etan Bilboko Areatzan, Porrotxekin, besteak beste, Xuarentzat (Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga presoen haurtxoa) eta amekin espetxeetan diren haurrentzako argazkia ateratzeko deialdia egin dute motxiladun umeek.
Urtero moduan, bakebide eta konponbiderantz eraman eta milaka herritar batuko dituen mobilizazio handi bat izatea nahi du Sarek, urtarrilaren 13rako Bilbon deitu duen manifestazioa. Euskal presoek pairatzen dituzten eskubide urraketak, urruntze politika eta salbuespen legedia amaitzea eskatuko dute. Aurtengoa inflexio puntua izatea nahi dute. “Gatazkaren ebazpena bideratzen duen hori euskal gizartea izatea ezinbesteko ikusten du Sarek”, nabarmentzen dute deitzaileek, “izan ere giza eskubideekiko babesa denoi dagokigu”.
Mobilizazioari atxikimendua adierazten ari zaie eremu ezberdinetako eragileak. Usurbilen, euskal presoen eta haien senideen eskubideen alde lanean diharduean Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak eta Ernai Usurbilek bat egin dute Bizkaiko hiriburuko mobilizazioarekin.
"Motxilak zama izateari utz diezaioten, mendekuzko kilometroak lurperatu ditzagun. Preso, iheslari eta deportatu politikorik gabeko Euskal Herria eraikitzeko, argia da gure konpromisoa: urtarrilaren 13an gazteok Bilbora!", deitu dituzte herritarrak Ernai Usurbil gazteen bilgunetik.
https://twitter.com/UrHanditan/status/951035525045129217
Xuarentzako Porrotxekin argazkia ateratzea eta manifestazioa, larunbatean Bilbon
"Motxiladun umeek #U13Bilbo ra dei egin dute eta bereziki herritarrak 12:30etan Porrotxekin kartzelan amarekin diren Xua, Haitz eta Izarrentzat argazkia ateratzera Areatzara gerturatzera animatu dituzte".
Gogoan izan, Valentziako Picassent espetxean dago Xua gurasoekin, Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga presoekin. Hilaren 19an urtea beteko du Xuak. Aipatu moduan, bere egoera berean, amarekin espetxean diren Izar eta Haitz haurrei, eta Xuari berari helaraziko zaion argazkian ateratzeko deia egin dute larunbatean Bilbon Porrotxekin, eguerdiko 12:30etan Areatzan.
Urtarrilak 13, larunbata
11:00 Sareko ordezkarien lehen deklarazioak La Bolsan.
11:30 Mahai-ingurua La Bolsan. Partaideak: Herrialde Katalanetako David Fernandez, Kolonbiako Mario H. Calixto, Bake Bidea ekimeneko Anaiz Funosas eta Sareko bozeramaile Joseba Azkarraga, Pili Kaltzada moderatzailearekin batera.
12:30 Espetxean amarekin diren Xua, Haitz eta Izarrentzat Porrotxekin argazkia ateratzeko deialdia Bilboko Areatzan. Segidan, Porrotxen ikuskizuna.
13:30 Bertso saioa Areatzan, Oihana Bartra, Miren Amuriza, Beñat Gaztelumendi eta Amets Arzallus bertsolariekin.
15:00 Kepa Junkera eta Sorginak Areatzan.
17:30 Manifestazioa Kasillatik "Elkarrekin aurrera egiteko prest gaude. Giza eskubideak. Konponbidea. Bakea" aldarripean.
Ondoren, Anita Parker eta Tximeletak Areatzan.
Oharra: Bilbora joateko autobus zerbitzua antolatu da Usurbildik. Izen ematea aurrez, ohiko tokietan.
Informazio gehiago: sare.eus
Antolatzailea: Sare.