"09550 Zuberoa", Tripontzia Urteberriko Sari Nagusiko zenbaki saritua

Urduñan egokitu da, Gure Esku Dago mugimenduak euskararen gizarte erakundeen Kontseiluarekin elkarlanean zozketatu berri duten Tripontzia Urteberriko Saria. "09550 Zuberoa" izan da txartel saritua. Jabeak 60.000 euro irabazi ditu. Adi ordea, zenbaki bera duten beste zazpi txartel baitaude, ondoko irudian aipatzen diren herrialdeen izenekin. Haietako bat baldin baduzu, 6.000 euro egokitu zaizkizu.  

100.000 euro saritan

60.000 euroko sari nagusia zozketatu dute, baina horrekin batera baita 6.000 euroko beste zazpi sari, "saritutako zenbaki bereko gainontzeko zazpi serieentzat". Serieek Euskal Herriko herrialdeen izena daramate. "Euskal komunitatea bere osotasunean aintzat hartuta eta elkarren arteko loturak estutzeko asmoarekin, Euskal Herriko lurraldeak eta diasporak osatuko dute zenbaki bakoitzeko zortziko seriea", zehaztu dute ekimen honen sustatzaileek.

5 euroren truke gainera, zozketan parte hartu eta milaka euro irabazteko eskuratzeko aukeraz gain, txartelak "Jostunak; herritarren borondateak jositako istorio bat" dokumentala deskargatzeko aukera ematen du. "Gure Esku Dago herri dinamikaren sorrera eta mugimenduak emandako lehen urratsak kontatzen ditu pelikulak, Durango eta Iruñea eskuz esku batu zituen giza-katea abiapuntu hartuta eta Euskal Herriko zein nazioarteko pertsona erreferentzialen testigantzak tartekatuz. Erabakitzeko eskubidearen inguruko korapiloak askatzen ari garen jostunon kontakizuna da. Ikusi eta gozatu!", luzatu dute gonbita zozketaren antolatzaileek.

Erabakitzeko eskubidearen eta euskararen alde

Zozketarako bildutako laguntza "Gure Esku Dago eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua gizarte erakundeen jarduna finantzatzeko erabiliko da. Tripontzia-ko billeteak erosita erabakitzeko eskubidearen aldeko ekimenak eta Euskal Herrian euskararen normalizazioa bideratu zein bizkortzeko egitasmoak lagunduko dira".

Epe luzera begira antolaturiko ekimena dugu honakoa, "eta datozen urteetan eremu gehiagotan sustraitzeko helburua du Tripontziak; urtez urte, euskal herritar denon esparruetan errotuz joateko".

Gaineratu dutenez, "Tripontzia Urteberriko Sariak esparru anitzetako eragile eta dinamikekin bat egin eta norabide berean garatzeko proiektu bateratzailea eta irekia izan nahi du. Elkarrekin lanean, komunitate gisa zer egiteko gai garen erakusteko balio dezaketen proiektuak jarri nahi ditugu martxan eta Tripontzia zozketa horren adibide bat da".

https://twitter.com/SariTripontzia/status/952832647612588032

https://twitter.com/SariTripontzia/status/952831545546608640

https://twitter.com/SariTripontzia/status/920970603540164608

 

https://twitter.com/SariTripontzia/status/952823296206176257

Informazio gehiago: tripontzia.eus

https://youtu.be/HqQsEIjx9i4